Bi hilabeteko epea izango dute lanek. Galtzada berrituko dute, eta udaletxearen aurrean errepidea eta espaloiak maila berean jarriko dituzte oinezkoen irisgarritasuna hobetzeko. Oinezkoentzako pasabide seguruagoak egingo dituztela esan du Aldundiak, batez ere elizaren eta kale nagusiarekiko bidegurutzetik hurbil dagoen ostatuaren arteko tartean. Horrez gain, 30 kilometro orduko abiadura-muga ezarriko dute zeharbideko tartean, zirkulazioak hiri-ingurunean duen eragina murrizteko. Bide hori hirigunean integratuta, oinezkoen segurtasuna bermatu nahi dute.
Ildo horretan, Tolosaldeko beste herri batzuetan ere antzeko jarduerak egiten ari direla esan du: Berrobin, trafikoa baretzeko eta segurtasuna hobetzeko esku-hartzeak egin dituzte; Villabona-Amasan, berriz, bukatzear da oinezkoentzako lotura berriaren lehenengo fasea N-I errepideko lotunean; GI-3751 errepidearen eta Amasaren arteko errepidea zabaldu eta espaloia eraikitzeko proiektua (bigarren fasea) egiteko hitzarmena sinatu du udalarekin eta ekainean aterako da lizitaziora; eta Tolosako Amarotzen ere N-I azpian bidegorria zein espaloia eraikiko dituzte (ekainean aterako da lizitaziora).
Aldundiak zeharbideen segurtasuna eta herriguneetan duten integrazioa hobetzeko lanen barruan kokatu ditu lan horiek, eta horretarako 2026 eta 2027 urteetarako lurralde osoan 7 milioi eurotik gorako inbertsioa egingo du.