Haizea gogotsu esnatu da eta oso indartsu zebilen Larraitz aldetik. Bertan hasi da aurtengo Txindoki Bertikala mendi lasterketa. Kronoaren aurkako igoeran Oier Zubeldia amezketarra izan da gizonezkoetan azkarrena Txindoki puntaraino iristen, 36.50eko denbora eginez. Bigarrena Thomas Darroges izan da, Okzitaniako Bagneres de Bigorre herrikoa, 37.55eko denborarekin, eta gutxigatik irabazi dio postu hori Jokin Tolosa anoetarrari, segundo bakar bat gehiago besterik ez baitu behar izan Txindokiko gailurreraino iristeko (37.56).
Emakumezkoetan Maider Unanue aramarrak lortu du denbora onena, eta 46.22ko markarekin eraman du garaipena. Bigarrenak eta hirugarrenak eskualdekoak izan dira: Leire Elola tolosarrak 46.59 egin du bigarren postua lortzeko, eta Eider Zubeldia amezketarra izan da hirugarrena 47.19ko denborarekin.
Euskal Herriko Kilometro Bertikalen Txapelketa ere jokoan zegoen gaurko proban, eta, beraz, Oier Zubeldia eta Maider Unanue izan dira txapeldunak.
Juan Mari Garin zizurkildarrak 1993an ezarri zuen orain arteko markarik onena: 33 minutu eta 34 segundo. Inork ez du azkarrago igotzea lortu ordudanik, eta gaurko proba eta gero horrela geratuko da marka. 2.000 euro zeuden sari moduan marka hausten zuenarentzat, baina aurtengoan behintzat ez ditu inork txanponak poltsikoratu.