Mugikortasun autonomoko eredu aurreratua garatzeko proiektua gauzatzen ari dira Abaltzisketan eta Amezketan. Iazko azaroan aurkeztu zuten LandaGo proiektua, eta hainbat hilabetez datuak biltzen aritu dira bi herri horien arteko errepideetan.
Pasa den ostegunean gizarteratzeko saioa egin zuten Abaltzisketan, eta herriko alkate den Jon Zubizarretak adierazi duenez hogei pertsonak izan zuten autoan ibiltzeko aukera.
Araudiak gidari bat auto barruan eramatea behartzen badu ere, herritar batzuek «beldur puntu bat» izan zutela aipatu du Zubizarretak. «Ibilbideko zati gehienetan gidaria eskuak bolantean jarri gabe joan zen, eta gidariak autoaren kontrola hartu bezain pronto, gehienok autoa bere kasa joan zedin agintzen genion gidariari». Autoa berrogei kilometro orduko abiaduran joan bazen ere, gehiengo handi batean, herritarrak gustura geratu ziren gidaririk gabeko autoan ibiltzeko aukera izateagatik. Autoan ibiltzeko aukera izan zuen Luis Bordasagasti herritarrak, esaterako, esperientzia «polita» izan zela adierazi du.
Epe luzeko proiektua
Proiektuko arduradunek esan dute proiektu hau finkatu eta benetan abian jartzeko beste bost urte itxaron beharko direla. Horrelako zerbitzu bat bost urteko denboran eskaintzen hastea Zubizarretari «zaila» izango dela iruditzen bazaio ere, bertako enpresak horrelako proiektu batean lanean aritzea baloratzekoa eta etorkizunera begira aberasgarria izango den zerbait dela uste du.
Hain zuzen, egitasmoa sustatzeko elkarlanean ari diren entitate pribatuak eta publikoak ondorengo hauek dira: Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Mubil arlo publikotik; eta Vicomtech, Eurogap eta Basqueccam, pribatutik.
Landa eremuaren garrantzia
Horrelako proiektu pilotu bat Abaltzisketa eta Amezketa bezalako landa eremu batean probatzea «positibotzat» du Zubizarreta alkateak.
«Proiektu gehienak eremu urbanoetan garatzen dira gaur egun, eta urte asko itxaron behar izaren ditugu horrelako proiektuak landa eremuetara iritsi arte». Horrelako proiektu bat landa eremuan garatuz gero, eremu urbanoetan ere arrakasta izango duela uste du Zubizarretak.