Abaltzisketako Larraitz auzoan dutxatzeko eta oinetakoak garbitzeko guneak egokitu dituzte elkarlanean Abaltzisketako Udalak eta Tolosaldea Garatzen agentziak. Larraitzeko komunen ondoan, bi dutxa eta iturri bat egokitu dituzte; eta Zamaoko komunen eraikinaren barrualdean, beste bi dutxa, iturria eta hirugarren dutxa hotz bat, kanpoaldean.
Dutxa bakoitzak kanpoaldean fitxak sartzeko makina bat du eta Larraitzeko bi tabernetan —Larraitz-gain eta Ñañarri jatetxeetan— eskuratu ahal izango dira fitxa horiek. Bi euro balioko ditu fitxa bakoitzak, eta bost minutuko dutxa epela hartzeko balio izango du bakoitzak.
Dagoeneko martxan
Zerbitzua martxan dago eta mendizaleak hasi dira horiek erabiltzen. Antolatzaileek adierazi dutenez, bertan dutxatzeko aukera emateak erraztu egingo du mendizaleak bertan geratzea eta, ondorioz, sustatu egingo du Abaltzisketako zein inguruko herrietako tabernetan eta ostatuetan kontsumitzea.
Era berean, botak garbitzeko iturria Zamaoko langa ondoan jarri zen eta, arduradunen hitzetan, erabilera handia izan du martxan jarri zenetik.
Amma architectural office enpresak diseinatu eta zuzendu ditu lanak. Dutxetako hormetan zenbait apaingarri jarri dituzte Abaltzisketako Jose Francisco de Ipintzak 1923an kontatutako Txindokiko Mariren kondairan oinarrituta, hain zuzen, Mariren Txindokiko Koba eta Behi Gorriaren irudiak tartekatu dituzte. Benta Berri eraikuntzak egindako lan horiez gain, Abaltzisketako Udalak aurretik zeuden komunetara argindarra eraman du eta zerbitzu horiek erabiltzeko ordutegia zabaldu.
Bisitariak erakartzea helburu
Garapen agentziatik azaldu dute Tolosaldeko Turismo Marketin Planean zehaztutako erakargarri turistiko nabarmenen artean dagoela eremua eta helburu izan dutela, besteak beste, naturan kirola egitea gustuko duten bisitariak erakartzea: «Dutxa eta botak garbitzeko iturri hauek mendian korrika egitera edo Aralarko Parke Naturalean oinez ibiltzera datozen bisitariei, txangozaleei eta turistei zerbitzu egokiago bat eskaintzeko asmoz egin dira».
Adierazi dutenez, aipatutako plan horretan oinarrituta garatu zuten Tolosaldeko Turismo Jasangarriaren Plana; eta jarduera hori plan horren barruan kokatu dute, hain zuzen, turismo aktiboaren eskaintza hobetzeko helburuaren barruan. Europako Batasuneko Next Generation-EU funtsek finantzatu dute proiektua, Euskadiko Helmugako turismo- jasangarritasuneko lurralde-planarekin lerrokatuta, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan.

