Aralar natura parkearen eguna ospatuko dute ekainaren 8an

Ataria 2025eko maiatzaren 28a

Aralarko natura-parkearen garrantzia aitortzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Abaltzisketako Udalak lankidetzan antolatu dute. Larraitzetik Errekontara egingo duten mendi ibilaldiarekin abiatuko dute eguna, 11:00etan, eta tartean ekintza ugari izango dituzte aukeran.

Aralarko natura parkearen garrantzia aitortzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdea departamentuko Mendietako eta Nature Inguruneko zuzendaritza nagusiak, bigarren aldiz, Aralarko natura parkearen eguna antolatu du, Abaltzisketako Udalaren eta Etorlur sozietate publikoaren lankidetzarekin.

«Asmoa ez da natura parkea jende andana eraman eta hiritar kutsuko ekitaldia antolatzea, hain gutxi mendian erromeria antolatzea, natura-parkeko ondarea ezagutzera ematea eta hartaz gozatzeko era asko daudela iradokitzea baizik», azaldu dute antolatzaileek.

MENDI IBILALDIA ETA EKINTZA UGARI

Ekainaren 8an ospatuko dute, 11:00etatik aurrera, Errekontan, Ausa Gaztelu ondoan. Parte hartzaileak Larraitzen, Zamaoko aisia-lekuan, elkartuko dira eta Errekontara joateko ordu eta laurdeneko bidea egingo dute oinez, Gipuzkoako Parketxe Sareko ingurumen-hezitzaileen gidaritzapean. Mendian ibiltzen ohituta egotea komeni dela esan dute antolatzaileek, eta ura nahiz oinetako aproposak eramatea ere. Bestalde, ezingo da txakurrik eraman.

Errekontara iristean parte hartzaileek han izango den artaldea bertatik bertara ikusteko parada egingo dute eta aditu batek natura-parkean betetzen duen eginkizuna azalduko die, baita nola zaintzen eta ustiatzen den ere. Ondoren, basozain batek Basabizin, Aldundiak Gipuzkoako basa-fauna berreskuratzeko Urnietan duen zentroan, artatutako eta sendatutako hegazti bat askatuko du. Aurretik, Basabiziren funtzionamenduaz eta askatuko den hegaztiaren nondik norakoari buruzko argitasunak emango ditu.

Jarraian, Abaltzisketako txantxoen dantza emanaldia izango da, eta horren ostean, Et Incarnatus orkestraren txanda izango da. Orkestrak Menditik itsasoraino dantzan (II) emanaldia eskainiko du, Migel Zeberioren gidaritzapean. Amaitzeko, gazta dastaketa egingo dute eta horiek erosteko aukera ere egongo da. Edalontzia norberak eraman beharko du etxetik. Itzulera 13:30etan izango da.

AUTOBUS ZERBITZUA

Aldundiak doako autobus zerbitzua jarriko du eta  ezinbestekoa izango da aurretik izena ematea barandiaran@gipuzkoanatura.eus helbidera idatzita edo 934 180 335 eta 688 895 069 zenbakietara deituta. Autobusa 8:30etan aterako da Donostiako Ibaeta auzotik (EHUko Psikologia Fakultatearen aurreko geltokitik) eta 8:55ean Tolosako Rondilla kaleko 34 zenbakiko geltokitik, musika eskola aurrean. Bueltako autobusa 16:00ak aldera iritsiko da Donostiara.

EGITARAUA

  • 9:30. Ibilaldia Larraitzetik Errekontara, ingurumen hezitzaileek gidatuta (ordu eta laurden inguru).
  • 11:00. Errekontan sei jarduera: artaldea, hegazti askatzea, Et Incarnatus Orkestrako emanaldia, txantxoak eta gazta dastaketa.
  • 13:30. Itzulera oinez, ingurumen hezitzaileek gidatuta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!