Mendian gora korrika Txindokiko puntaraino

Ataria 2025eko maiatzaren 15a

Txindokiko Kilometro Bertikala jokoan izango da larunbatean, 10:00etan hasita, Abaltzisketako Larraitz auzotik.

Erlojuaren kontrako lasterketan, parte hartzaileak Txindokiko tontorreraino joango dira, 3,6 kilometroko ibilbidea eta 980 metroko desnibel positiboa gaindituz. Beste behin arrakastatsua izan da izen ematea, 230 dortsalak hiru bat ordutan amaitu zirelako. Horietatik 50 emakumezkoak izango dira. «Urtetik urtera azkarrago betetzen da izen ematea, beraz, horrek zerbait esan nahi du», azaldu du Igone Campos antolatzaileak.

Eguraldia aldekoa bada, korrikalariak Tximista izeneko aldapa pikotik igo ahalko dira. Euria egingo balu, bide normaletik igoko lirateke, ibilbide luzeagoa eginez. Faboritoen artean, emakumezkoetan Onditz Iturbe nabarmentzen da, eta gizonezkoetan, orain bi urte marka ezarri zuen Ïu Net Puig kataluniarra, eta Aitor Ajuria eta Aitor Ugarte euskaldunak. Aurtengoan, Euskal Herriko Kilometro Bertikalaren Txapelketa izango da jokoan. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!