Bete-beteko festa Larraitzen

Josu Artutxa Dorronsoro 2025ko mai. 1a, 16:06

Abaltzisketako Larraitz auzoan, larre irekiera festa ospatu dute eguerdian; Enirio-Aralar mankomunitateko abeltzain eta artzainen 17.705 aberek Aralarko larretan igaroko dituzte datozen sei hilabeteak.

Jaiegun handia ospatzen ari dira gaur Abaltzisketako Larraitz auzoan. Enirio Aralarko Mankomunitateak antolatuta, larre irekiera festa egin dute eguerdian. Negua agurtzeko eta udari begira jartzeko eguna izan ohi da maiatzaren 1a. Bada, aurten, uda beteko eguraldia izan dute bertaratu direnek, festa giro handiarekin. Azken urteetan ez bezala, eguraldia lagun, ehunka herritar bildu da, abereak larreetarako bidea nola hartzen zuten ikusteko.

12:00etan izan da unerik garrantzitsuena. Iker Irribarria pilotari ohiak jaurti du suziria, orduan ireki dute langa, eta aziendak mendira abiatu dira. Datozen sei hilabeteetan Aralarko larretan ibiliko dira mankomunitateko abeltzain eta artzainen abelburuak. Joxean Irastorza mendizainak adierazi duenez, guztira, 17.705 abere izango dira: «15.600 ardi, 1.085 behi eta 1.020 behor». Gipuzkoako mendi guztietako abelburu guztien herena izango litzateke hori. «Zenbaki garrantzitsuak dira», gaineratu du. Gaur, horietako batzuk bakarrik igo dira larreetara.

1988an larre irekiera festarekin hasi zirenetik, «urtetik urtera kopuruak gora» egin duela nabarmendu du Irastorzak: «Ardi kopurua jaitsi bada ere, behorrena igo eta behiena mantendu egin da». Eta artzainen artean, nobedade bat: Amaia Garmendia zaldibiar gaztea. Aurten, aitari hartu dio erreleboa, eta lehen aldia izan du Larraitzen. Ilusioz igaro da jendaurretik. Ardiak jezten eta gazta eginez igaroko ditu datozen bi hilabeteak.

Askotariko erakustaldiak

Larre irekiera festan, baina, guztia ez da izaten artzaintza eta abeltzaintza. Urtero legez, azokan hamaika postu bisitatzeko aukera izan dute bertaratu direnek. Abere erakusketa, esku langintza saioak, eta artile, saski edota harri lantze erakustaldiak egin dituzte, eta bertako produktuak dastatu edota erosteko aukera ere izan da.

Erakustaldi gehiago ere izan dira. Batetik, herri kirolariena. Jokin Urretabizkaia Basozabal eta Txomin Amundarain aritu dira aizkoran, eta Ainitze Zumeta, harri jasotzen. Jaialdi biribila eskaini dute. Zumetak ezarritako erronka guztiak gauzatu ditu, eta aizkolariek hiru lehia bizi eta estu jokatu dituzte. Beste erakustaldia ondoren heldu da, Maialen Akizu eta Bixente Gorostidi bertsolarien eskutik.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!