elkarrizketa

«Ostatuak aukera ematen du herritarrekin elkarlanean herria biziagotzeko»

Aitor Arroyo Askarai 2025ko urt. 31a, 19:59

Abaltzisketako ostatuko Anyela Nieto sukaldaria eta Sara Garcia Cañedo arduraduna.

Abaltzisketako ostatuak igandean zabalduko ditu berriro ateak. 12:00etatik 14:00etarako tartean euren sukaldea ezagutarazteko jakiak aterako dituzte jendeak probatu ditzan, eta trikitilari bat ere izango dute. Hortik aurrera zabalik egongo da egun osoan.

Igandean atzera zabalduko ditu ateak Abaltzisketako ostatuak. Sara Garcia Cañedo Sanchez la Fuentek kudeatuko du datozen urteetan eta Anyela Nietok gidatuko du sukaldea. Jaiotzez katalana bada ere, hamalau urte daramatza Garcia Cañedok Euskal Herrian eta, hiru, Idiazabalen. Inaugurazioaren atarian aurrera begirako asmoez aritu da Garcia Cañedo, eta denetariko jarduerak antolatuko dituztela iragarri badu ere, nabarmendu du gastronomia izango dela euren indargunea. 

Nolatan erabaki duzu Abaltzisketako ostatua hartzea?
Aspalditik izan dut gogoa ostatu bat hartzeko; aurretik ostalaritzan lanean aritutakoa naiz. Begira aritu naiz ea non zeuden aukerak, eta Abaltzisketan suertatu da. Aukera polita iruditzen zait, urte asko daramatzat herri txikietan bizitzen eta gustuko ditut. Ostatuaren kontzeptua bera ere atsegin dut, haren jatorria eta aukera ematen duela herritarrekin elkarlanean herria biziagotzeko. Taberna bat baino gehiago da.

Nolako eskaintza izango duzue?
Bi lerro landu nahi ditugu: batetik, Euskal Herriko ohiko jakiak eskainiko ditugu. Hemen nortasun handiko gastronomia dago, eta oso errotuta dago. Baina, bestalde, gauza berriekin ere jokatuko dugu eta hainbat estilo bateratuko ditugu, besteak beste, euskalduna, katalana eta venezuelarra. Gure sukaldaria munduan zehar bidaiatzen aritu da eta ikuspegi zabalaz gain, gauza ezberdinak prestatzeko gaitasuna ere badu. Bietatik egongo da probatzeko. 

Eta, gero, jendearen erantzunaren arabera joango gara egokitzen: gauza berri gehiago sartzen edo ohikoetara jotzen.

Ez da abiapunturik ohikoena. 
Hainbat estilo uztartuko ditugu eta, horrez gain, landuko ditugun produktuak izango dira garaikoak, bertakoak eta, ahal den heinean, ekologikoak. Hasieratik egingo dugu lan horrela, eta helburua izango da gero eta gehiago sakontzea.

Karta bat izango dugu ohiko gauzekin: mokaduren bat, ogitartekoak, hanburgesak eta pizzak. Baina, horrez gain, gauza ezberdinak ere eskaini nahi ditugunez, garaiaren arabera aldatuz joango gara. 

Zein egunetan izango dituzue ateak zabalik?
Momentuz ez daukagu oso garbi. Lehen bi asteetan ahalik eta gehien zabaltzen saiatuko gara, baina aurrera begira ez da posible izango hori mantentzea. Aurrera begira, seguru asko neguko eta udako ordutegiak zehaztuko ditugu. Baina lehen bi asteetan jendeari ezagutzeko aukera eman nahi diogu, eta bi astez zabalik egongo gara. 
Eguneko menua izango dugu astelehenetik ostiralera, eta ostegunetan pintxo-potea egingo dugu 19:00etarik 21:00etara. Horrez gain, afariak emango ditugu ostegunetik larunbatera eta, momentuz, baita igandeetan ere. 

Ostatuen erronketako bat izaten da jendea erakartzea.
Eskaintza berezi horrekin erakarri nahi dugu jendea, eta sukaldea izango da gure indargunea. Eta, horrez gain jarduerak ere antolatuko ditugu. Web orrialde bat sortuko dugu eta sare sozialetan ere egongo gara. Asmoa da egunero argitaratzea zein eguneko menu izango dugun.

Jarduerak antolatuko dituzuela aipatu duzu. Zein motatakoak?
Erabat zabalik gaude proposamenak entzuteko. Bitartean, helduentzako zein haurrentzako jarduerak antolatzeko asmoa dugu: magia ikuskizunak, erakusketak, bakarrizketak, ipuin kontalariak, afari musikatuak... Denetik egitea da asmoa.

Igandean zabalduko dituzue ateak. Nolako eguna aurreikusten duzue?
Igandean 12:00etan zabalduko dugu eta 14:00ak arte edo iraungo du inaugurazioak. Tarte horretan gure sukaldea ezagutarazteko jakiak aterako ditugu jendeak probatu ditzan, eta trikitilari bat ere izango dugu. Hortik aurrera egun osoan egongo da zabalik. Ni arduratzen naiz kudeatzeaz, baina hau ez litzateke posible izango taldea osatzen duten gainerakoen laguntzarik gabe. 

Elkarlana beharrezkoa izango da, ezta?
Erabat, eta Abaltzisketako Udalari ere eman nahi dizkiot eskerrak. Eraikina harena izatetik harago, asko laguntzen ari zaigu prestatzeko egin beharreko lan guztiarekin.

[Eguneraketa]

Zer moduz joan dira lehen egunak?
Bada, egia esan, oso-oso ondo. Aurreikusten genuen jendearen bikoitza ere gerturatu dela esango nuke. Jendeak oso harrera ona egin digu, eta hasteko bultzada garrantzitsua izan da. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!