Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusiaren esanetan, Abaltzisketan martxan jarri duten proiektua, «mugikortasun autonomoan aitzindaria izango da, eta udalerri txikietako garraio aukerak eraldatzea du helburu; udalerri horietan bizi diren herritarren ongizate sozial eta ekonomikoa hobetzeko balioko duen zerbitzu berritzaile bat garatuz».
Mendozaren esanetan, «Gipuzkoaren etorkizunean pentsatzen dugunean, lurralde orekatua izatea nahi dugu, udalerri txiki, bizi eta dinamikoa ardatz hartuta, non zerbitzu berritzaileak eta bizitzeko eta lan egiteko aukera berriak sortuko diren. Horretarako, besteak beste, funtsezkoa da landa inguruneko biztanleek hiriguneetan bizi diren pertsonen aukera berberak izatea mugikortasunari eta zerbitzuei dagokienez».
Jon Zubizarreta Abaltzisketako alkatea ere LandaGO proiektuaren aurkezpenean izan da. Albistea jaso eta herritarren artean zabaldu zuenean, txantxetan hartu zutela onartu du. Hala eta guztiz ere, esker honetako hitzak izan ditu ekimena aurrera ateratzen ari diren eragile guztientzat, landa eremuetako herri txikiak kontuan hartzeagatik.
Hurrengo pausoak
Lehen fase honetan egingo den lehen proba pilotuaren ondoren, Zerain eta Segura artean beste proba bat egingo da 2025eko abuztutik abendura bitartean. Bigarren proba horretan, Abaltzisketa eta Amezketa arteko tartean ikasitakoak aplikatuko dira, eta datu gehiago bilduko dira gidatzeko erronka handiagoak dituen ingurune batean. Aldunditik esan dutenez, urrats hori errepikatu egingo da ibilbide berri bakoitzean, zerbitzua tokian tokiko beharretara egokitzeko eta fase bakoitzean eredua optimizatzeko.
Proiektuaren egutegiaz galdetuta, arduradunek ondorengo aurreikuspena egin dute: «2025eko abuztuaren erdialdetik 2026ko amaierara arte beharrezko azpiegiturak eta baldintzak garatu eta prestatu ahal izango direlakoan gaude, eta 2026ko erdialdetik aurrera, Abaltzisketa-Amezketa eta Zerain-Segura tarteen artean ibilgailu elektriko autonomo bat ezarri eta jarduteko lehen probak egin ahal izango dira».
Gipuzkoako Foru Aldundiak, ondoren, proiektu hau zabaltzeko eta enpresekin lankidetzan jarraitzeko asmoa azaldu du, «2030ean Gipuzkoan landa mugikortasun autonomoko eta iraunkorreko eredu bat eduki ahal izateko».