Mariren Kobak Trailaren bigarren edizioa Larraitzetik abiatuko da

Ataria 2024ko aza. 21a, 07:57

Helburutzat Mari jainkosaren kobak lotzea duen lasterketaren 20 partaideak larunbatean abiatuko dira Abaltzisketako Larraitz auzotik. Eguzkia irten baina lehenago irtengo dira korrikalariak eta antolakuntzak emandako mapei esker hainbat koba lotu eta helmugara iritsi beharko dute 12 ordutan.

Mariren Kobak Trail abentura bat da, eta orientazioa eta planifikazioak pisu handia izango dute azaroko laugarren larunbatean Euskal Herriko mendietan. Parte hartzaileek aurrez jakingo duten guztia irteera Abaltzisketako Larraitz auzoan, Txindokiren magalean, dagoen aparkalekuan emango zaiola da, 07:00etan, deiadarraren soinuarekin; ibilbidea ezezaguna izango da azken momentura arte. Ordu laurden bat lehenago antolakuntzak mapa bana emango die parte hartzaileei, bertan gutxi gorabeherako ibilbide bat azalduko dena eta pasa beharreko koba guztiak markatuta dituena. Behin irteera emandakoan parte hartzaileen mugikorrak zigilatuko dira eta bakoitzak nahi duen ibilbidea egin dezake, beti ere koba horietatik pasa eta bertan egongo diren egiaztagiri harriak hartu ezkero.

Jakina denez, Euskal Herrian ezin da edonola sartu Mariren kobazuloetan eta abentura honetan ere euskal mitologiaren antzinako legeak jarraitu beharko dira. Mariri ezin zaio inoiz bizkarra eman eta kobazulotik atera behar da sartzen den bezala, hikan hitz egin behar zaio eta ez zaio inoiz begietara begiratu behar. Abentura hau modu zoragarria da kirola eta euskal mitologia batzeko eta Euskal Herriko mugetatik haratago zabaltzen laguntzeko.

Beste arau berezi batzuk ere baditu ekimenak, izan ere derrigorrezko material gisa, parte hartzaile guztiek txorizo, saltxitxoi edo antzekoren bat eraman beharko dute proba guztian gainean zigilaturik eta Mari jainkosaren aurrean elegante agertzeko, alkandora bat eraman beharko dute jantzita. Bigarren edizio honetan, parte hartzaile guztiek GPS gailu bat eramango dute, antolakuntzak utzita, bakoitza non dagoen jarraitu ahal izateko.

Antolakuntzak prestatutako ibilbidea, pasa den ediziokoaren ezberdina, ez dago jarraitu beharrik eta ez da inongo momentutan bidea markatuta egongo, 80 kilometroko luzera eta 4.700 metroko desnibela du, eta 12 ordu baina gutxiagoan burutu beharko da. Ibilbidean zehar 3 gune egongo dira non parte hartzaileek kanpoko asistentzia izan dezaketen eta mapan iturri ezberdinak adierazita izango dituzten.

Irteera puntuan emakume bakarra eta 19 gizonezko egongo dira bigarren edizio honetan, horien artean izen entzutetsuak. 

Pablo Angulo Angulo (Getxo, 1980), Mariren Kobak Trail lasterketaren lehen edizioaren irabazlea eta 12 ordu horien barruan helmugara iritsi zen parte hartzaile bakarra.

Uxue Fraile Azpeitia (Donostia, 1974), Euskal Herri mailako hamaika ultren irabazle, Ehunmilak, Goierriko Bi Handiak, Euskal Herria Mendi Erronka eta baita hemendik kanpo ere hainbat lasterketen podiumetan ikusi izan duguna, UTMB entzutetsua, Transvulcania, Lavaredo Ultrataila, Diagonale des Fous…

Iker Karrera Aranburu (Amezketa, 1974), hau ere Euskal Herria Mendi Erronka bezalako lasterketan Euskal Herrian irabazia eta UTMB entzutetsuan bi bigarren postu egindakoa, Tor des Geants irabazitakoa, Transgrancanaria 360en parte hartzailea. 

Genís Zapater (Matadepera, 1991), mendiko eskiatzaile eta mendiko gidari entzutetsua, adibidez, Kilian Jorneten azken abenturan, Alpine Connections izenekoan, laguntzaile gisa aritu zen.

Zigor Iturrieta Ruiz (Zornotza, 1974), ultra maratoilari bizkaitarra, Euskal Herrian ezaguna ETBn sukaldaritza programa bat izateagatik. Munduan zehar egiten diren lasterketa askotan parte hartu du: Goierriko Bi Handiak, UTMB, Transgrancanaria, Lavaredo Ultra trail, Cami de Cavalls, Salomon Ultra Pirineu, Hiru Handiak...

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!