Bi mendizale erreskatatu dituzte Txindoki mendian

Ataria 2024ko urriaren 29a

Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitateak eta Gipuzkoako suhiltzaileek erorikoa izan duen emakume bat eta bera laguntzen saiatu den gizonezko bat erreskatatu dituzte gaur arratsaldean, Txindoki mendian, Abaltzisketan.

15:30ean gertatu da ezbeharra. Pertsona batek SOS Deiak 112 Larrialdi Zerbitzura deitu du, Abaltzisketan, Txindoki mendiaren inguruan, istripua izan duen emakume baten berri emateko. Mendizaleak erorikoa izan du, eskumuturra hautsita zeukan eta zorabiatuta zegoen.

Ezbeharraren lekura iristeko zailtasunak ikusita, Larrialdietako Zerbitzuen Mendiko Taldea, Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitateko helikoptero bat eta Oriako ertzain-etxeko unitateak mobilizatu dituzte.

Mobilizatutako larrialdietako baliabideek, istripua izan duen emakumearengana iristean, atzeman dute bera laguntzeko asmoz geratu den gizonezkoak, bihotzeko aurrekariak zituenak, nekea zuela, eta, ondorioz, emakumea baino lehenago eraman behar zutela. Beraz, lehenik, gizona Usabal futbol zelaira eraman dute helikopteroz, eta emakumearen bila itzuli dira, operazio bera egiteko.

Futbol zelaian osasun-baliabideen laguntza jaso ondoren, biktimak Asuncion Klinikara eraman dituzte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!