Abaltzisketako jaiak 2024

Umoretik agurtu dituzte sanjoanak

Ataria 2024ko ekainaren 24a

San Joan eguna agurtzeko tenorea izan du Jon Plazaolak, Abaltzisketan. 'Tu-tum Platz' bakarrizketak abaltzisketarren barre algarak atera ditu, Goibegin.

Meza, hamaiketakoa, triki-poteoa, toka txapelketa eta txakolin dastaketa zituen Abaltzisketak prestaturik festen egun nagusirako.

San Joan suak utzitako biharamunari kolorea eman nahirik Jon Plazaola izan da protagonista Txindokiko magalean. Urretxuarrak ordubeteko saioan euskaldun izaeraz, hizkuntzez edota aitatasunaz, besteak beste, aritu da etenik gabe. Herritarrek txalo zaparrada batez eskertu diote barre erakustaldia Plazaolari.

Abaltzisketarrek azken etxafueroa herri afarian botako badute ere, oraindik orain, festarako azken apurrak utzi dituzte San Pedro egunerako. Orduan, festa Larraitz muinora lekualdatuko da.

EKAINAK 29, SAN PEDRO EGUNA. LARRAITZ

  • 12:30. Meza nagusia.
  • Ondoren. Hamaiketakoa eta trikitilariak.
  • Arratsaldean. Berriro trikitixa iluntzera arte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!