Korrika zuzenean Txindokiren puntaraino

Imanol Garcia Landa 2024ko mai. 16a, 11:16

Larunbat goizean egingo da Txindokiko Kilometro Bertikala mendi lasterketa. 230 parte hartzaile ariko dira lehian.

Txindokiko Kilometro Bertikala proba berreskuratu zutenetik hirugarrengo ekitaldia antolatu dute larunbat honetarako. 10:00etan hasiko da proba, eta talde txikitan abiatuko dira 30 segundoko tartean parte hartzaileak. Guztira 230 lasterkarik parte hartuko dute, eta izen ematea berehala agortu zen. «Otsailaren buelta horretan zabaldu genuen izen ematea, eta bi edo hiru egunetan bete zen. Ez genuen espero horrela izatea», esan du Igone Campos antolakuntzako kideak. Parte hartzaileen artean 40 inguru dira emakumezkoak. Antolatzaileek itxaron zerrenda irekita dute, eta 120 pertsona inguru daude zain bertan.

Emakumezkoetan Naiara Irigoien izango da, iazko irabazlea eta marka ezarri zuena; bera da aurtengoa irabazteko faboritoa. Gizonezkoetan Iñigo Alzola eta Asier Larruzea dira proba irabazteko hautagaietako bi.

Parte hartzaileek 3,6 kilometroko ibilbidea egingo dute, 980 metroko desnibela igoko dute. Larraizko langa ondotik abiatuko dira korrikalariak, modu neutralizatuan, eta hasiera punturaino joango dira, hau da, errepidez Gaintzara joateko bidegurutzearen pareraino. «Hogei minutuko tartea dute zati neutralizatua egiteko, eta sobera denbora ematen du», esan du Camposek. «Batzuk azkarrago joaten dira, beste batzuk motelago, eta hasiera puntuan hartzen zaie denbora». Hortik Txindokiren puntaraino igoko dira.

Parte hartzaileei ibilbidea gustatzen zaiela azaldu dute, Camposek dioenez: «Azken bi urte hauetan oso balorazio onak jaso ditugu. Jendeari gustatzen zaio ibilbidea, eta nahiko tentea da, batez ere Tximistako zatia».

Eguraldia dute kezka nagusi antolatzaileek. «Nahi baino kaskarragoa dator, eta alde horretatik agian baldintzatu dezake ibilbidea», esan du Camposek. «Lasterketaren egunean euria egingo balu, Gipuzkoako Foru Aldunditik debekua jarri digute Tximistako zatitik pasatzeko, higadura arazoak direla eta. Horrek asko aldatuko luke, eta ordezko bide batetik joan beharko lukete korrikalariek».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!