Elkarrizketa

«Ez dakigu egoera hau zenbat luzatuko den»

Asier Imaz 2023ko urr. 19a, 11:59

Gaixotasun Hemorragiko Epizootikoa (GHE) etxean tratatzea tokatu zaio abaltzisketarrari, Tolosaldeko beste hainbat abeltzaini bezala.

Txindokiren magalean, Abaltzisketako Larraitz auzoan dauka etxaldea Adur Gorostidik: Zubeldi Erdi. Bertan behiekin egin du lan. Egun hauetan, abeltzain gaztearekin hitzordua jartzea ia ezinezkoa da. Hala eta guztiz ere, tarte bat hartu du ATARIA-ren galderei erantzuteko.

Esnatu eta lanera joateko beldurra. Ez du erraza izan behar horrek.

Ez, baina azkeneko boladako egoera horixe da. Garai honetan gainera, animaliak nahiko leku desberdinetan izaten ditugu. Barrura sartu aurreko azken fasea izaten da; azken belar hondarrak aprobetxatzen aritzen gara. Eta bai, leku bakoitzera beldurrez joaten gara ea nola aurkituko ditugun kezkaturik.

Nola dago ganadua?

Gaixotasun honekin bi fase bezala pasa ditugula esango nuke. Duela hilabete kolpe indartsu bat izan genuen. Bost bat behi eta hiru bat biga tratatu behar izan genituen. Haiek orain nahiko ondo daude. Okeletan asko galdu dute, pasada handia hartu dutelako, baina gainditu dutela ematen du. Beste fasea duela astebete inguru hasiko zen. Beste kolpe bat izan genuen. Arinxeagoa izan zen, baina animalia gehiagori eragin zien. Hor ibili gara tratamenduarekin eta abar. Indizioak jartzea ez zait batere atsegina egiten animaliei. Gainera, aurrenekoan engainatzen dituzu baina gero ia badakite zertara zoazen eta ez da batere gustagarria, ez.

Zenbat behi dituzue?

Ekoizpenerako 75 bat behi, eta guztira 150-160.

Goizean joaten zaretenean, zeri begiratzen diozue? Muturra, mukiak…

Aurrenekotako sintomak horiek izaten dira, bai. Mukiak, muturra ilunduta izatea edo begi ingurua gorriturik edukitzea. Gero ijara deitzen dioguna, hau da, jan ez dutenaren sintoma handiak izatea.

Ez jan, ez edan… nola tratatu dituzue etxeko kasuak?

Zorionez, gure kasuan, jateari ez die utzi. Edatea ere ez dute baztertu. Oraingoz horrekin zortea izan dugu. Egin izan duguna da ahoa ireki, hor zauriak izaten dituzte, eta tratamendu desberdinekin min hori arintzen saiatu. Tratamenduak, batzuk garai batekoak esango dugu. Amak prestatutako berbena belarra, adibidez. Bestalde, Alegiako Markos albaitariak erabiltzen dituen konposizio batzuk esprai moduan botatzen dizkiegu. Gaixotasuna gainditu ez baina min hori pasatzen laguntzen die behintzat. Horrela, jateari ez die utzi eta irautea lortu dute gaixotasuna pasa arte.

Gaitza Tolosaldera beranduago iritsi zela esaten da. Inguruko abeltzainek zer diote?

Gaixotasun honekin pasatzen dena pixka bat berezia da. Etxe batzuetan agian asko dago eta ondokoan batere ez. Hala eta guztiz ere, azken aste honetan ia denei iritsi zaie, eta galerak ere dezentekoak izaten ari direla entzuten ari naiz.

GHE honen inguruko informazioa jasotzen hasi zinenean, zer etorri zitzaizun burura?

Ez al da etorriko. Hona etorri gabe pasako al da. Baina iritsi da. Lehen esaten genuen mendian zeuden animaliak salbatuko ote ziren, baina ikusten dugu metroetan gero eta gorago doala. Altueran ere kasuak agertzen ari dira. Guk lehendabizi Malloak inguruan izan genituen behiak, eta orain Malloak Zaharrean ditugu. Nolabait kokatzeko, Txindoki atzealdean esango genuke. Hor ere sintomak azaldu dira.

Lehen ere nahikoa komeria zenuten: pentsuen prezioak, okelaren prezioa… Orain hau gehitu behar zaio.

Egoera kritikoa dela iruditzen zait. Pentsuen igoera izan zen, gasolioarena ere bai… denak eragiten du. Haragian prezioan igoeratxo bat izan genuen, euro batekoa. Asko dela ematen du baina besteak igo direnarekin alderatuz gero, ez da horrenbestekoa. Nahiko justu gaudela esango nuke. Orain etorri den honek alde batetik ekonomikoki eragiten du, baina baita lanean ere, eguneroko lana asko igotzen baita.

Gipuzkoako Foru Aldundiak laguntzak iragarri ditu. Nola ikusten dituzue?

Laguntzak ez dugu esango gaizki etorriak direnik. Egia da, ordea, behar bezain beste agian ez direla izango. Azkenean, inprobisazio batean gabiltzala iruditzen zait. 20 euroko laguntza jarri zen animaliak tratatzeko. Botikarena agian ordainduko da diru horrekin, baina albaitariak bere gastu batzuk ere baditu. Kostu guzti hori erantsia da, lehenagoko egoerari gehitzen zaiona. Gero beste laguntza bat atera da, eta hori ere ongietorria izango da. Ez dakitena da, nahikoa izango ote den. Ez baitakigu egoera zenbat luzatuko den. Hildako behiak bakarrik izango al ditugu? Txekorrak hilda jaiotzen ari dira. Ez dakigu susaldiak normal etorriko ote zaizkien... Nire ustez goizegi da esateko zenbaterainoko eragina izango duen honek.

Hori da beste puntu bat: gaitz honen inguruan dagoen informazioa nahi baino urriagoa dela.

Bai. Egia esan ez dakigu asko. Eltxo bat dela esan digute. Ez dakit saguzarren familia berekoa den edo beste bat den. Ez dakigu zenbat luzatuko den guzti hau. Negua etorri eta hor geratzen baldin bada, kalte handia izango da, baina gaitz-erdi. Honek horrela jarraitzen baldin badu, ordea, ez dakit gure iraupena ere zenbat luzatzea izango dugun.

Eta kezka hori lehendik ere badator. Azken denboran sektorearen aurka izan diren hitzak eta kanpainak gogoratu besterik ez daude: CO2 isuriak, haragi sintetikoa edo laborategian sortutako haragia…

Bai, eta ez dakit denak leku beretik ez ote datozen. Nik nire susmoa badaukat ez dela kasualitatea bateko publizitatea eta besteko gaixotasuna.

Eta orain berriro lanera. Egun hauetan nabarmen gehitu zaizue eta.

Bai. Egia esan denbora askorik gabe gabiltza. Eskertzen da ATARIA bezalako hedabide batek guri ahotsa eman nahi izatea. Horrexegatik hartu dugu tarte hau, eta saiatuko gara egoera honetatik ahalik eta ondoen ateratzen.

Erlazionatuak

Behi sektorea, krisian

Asier Imaz 2023 urr 18 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!