«Ez bazaizu gustatzen, hobe da ez egotea»

Ataria 2023ko urr. 4a, 07:58

Dozena bat urte, horixe darama Abaltzisketa gobernatzen Jon Zubizarreta alkateak. «Gustatu» egiten zaio, eta hori omen da garrantzitsuena. Aurrera begira bi proiektu nagusi dituzte buruan: etxebizitzak eta herri-mendiko ordenazio plana egitea.

2011tik zara alkate. Nola gertatu da hori?

Batzuei kezka puntua sortzen zaie. Kritika egitea erraza izaten da, baina gero norbera karguan dagoenean ezberdin ikusten dira gauzak. Ni ez nau behin ere atzera bota ardurak hartzeak, eta gainerakoan, gobernatzeko oso herri erraza da. Herri izaera sendoa du, eta utzi egiten da gobernatzen.

Trabarik izaten al duzue proiektuak aurrera eramateko?

Orokorrean, ez. Gainera, zerbait gustatzen ez bada, batetik edo bestetik, baina giroan berehala antzematen da; segituan iristen zaizu. Horrez gain, behin ere ez dugu arazorik izan atzera egiteko.

Maila pertsonalean nola daramazu agintaldi luze hau?

Garrantzitsuena da gustatu egiten zaidala. Ez bazaizu gustatzen, hobe da ez egotea. Bestalde, nik uste proiektu politak atera direla urte hauetan eta horrek ere jarraitzeko gogoa ematen dizu. Gero, jakina, duen alde txarra da norberaren denbora libre hori asko kentzen duela. Baina maila pertsonalean ere, gehien betetzen nauten gauzak hemen egiten ditugunak dira.

Zer da zuretzat astunena?

Ez zaizkit gustatzen hirigintzako kontuak. Edozein etxetako teilatu berritzeak direla edo antzeko kontuengatik eskatu beharreko lizentziak, baimenak... Horrelakoak etortzen direnean, txosten teknikoak egin behar izaten dira, eta ohartzen naiz batzuetan zinegotziei-eta azaltzen hasten naizenean xehetasunak ahaztu egiten zaizkidala; hori da ez zaidalako gustatzen. Astunena horixe izango da.

Eta zer atsegin duzu gehien?

Gehiena gustatzen zaizkidanak lehen sektoreko gaiak dira. Neroni ere mundu horretatik nator eta konparaziorik gabe, gehien gustatzen zaizkidanak kontu horiek dira. Egun osoa pasako nuke horien inguruan hitz egiten.

Zein proiektu dituzue buruan datozen urteetarako?

Aurrenekoa eta batere kostu ekonomikorik ez duena: daukagun herri giro hau mantentzea. Uste dut aspaldiko urteetan gatozela gero eta hobeto egiten, eta ez da udalaren meritua, alderantziz, herri oso baten meritua da. Izugarrizko giro ona dago, eta erronka bat behintzat da giro hori mantentzea. Gero, bi proiektu nagusi ditugu: etxebizitzena da bat. Horrekin buru-belarri gabiltza. Hori izango da agintaldi honetarako erronka garrantzitsu bat. Eta bestea da potoloa, baita ere, Foru Aldundiarekin batera herriko eta mendiko ordenazio plana egitea: hor dauden pinudiak, pagadiak, larreak... dena ordenatzea. Behingoagatik oso gustura geratu gara egin dugun planarekin. Orain, ordenazio hori onartzea eta atera diren neurriak aurrera eramatea dira hurrengo pausoak. Bi helburu nagusi horiez gain, asmoa da ateratzen diren diru laguntzak baliatzea herriaren garapena bultzatzeko: baserri bideak, eskola, ostatua... Asmatu beharrik ez dago ezer, betiko kontuak izango dira.

Zein zailtasun aurreikusten dituzu?

Bi izaten dira: bata, giza baliabiderik ez daukagula; eta, bestea, finantzazio falta. Udaletxean idazkari bat, administrari bat eta herriko langile bat ditugu; eta lanez lepo ibiltzen dira. Hori bat, eta bestea edozein inbertsio egitea asko kostatzen dela. Handik eta hemendik dirua lortu behar izaten da, ez baita nahikoa izaten herrikoarekin bakarrik.

Zer eskatuko zenieke herritarrei?

Eskatu haiek eskatu behar digute guri. Nik ez diet ezer eskatzen, eta uste dut ez daukagula ezer eskatzerik ere. Lanean uzten digute, ez daukagu presiorik, eta hori nahikoa baino gehiago da. Ez nieke ezer eskatuko.

Ba al dago bereziki kezkatzen zaituen zerbait?

Legealdi honetan idazkaria erretiratu egingo da, eta hori mugarri bat izango da. Orain arteko idazkaria herriko pertsona bat da, eta hemen ez da idazkaria: hemen Nekane da. Askorentzat da bigarren ama bat bezala. Beti laguntzen du, eta erretiratzen denean ikusi egin beharko da. Nik alkate jarraitzea erabaki nuenean arrazoi asko zeuden tarteko, baina bat zen hori ere legealdi onetan gertatuko zela; eta ez nuen jende gaztea bakarrik utzi nahi idazkari hau egongo ez den egoera batean. Beraz, ea horretan asmatzen dugun. Ordezko bat bilatuko dugu, baina... Benetan kezkatzen nauen gaia bat da.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!