Txindokik erakartzen jarraitzen du

Imanol Garcia Landa 2023ko mai. 3a, 11:59
Oihana Kortazar, iazko proban.

Txindokiko Kilometro Bertikala proba izango da jokoan igande honetan. Bigarren edizioa izango da, eta Euskadiko Txapelketa jokatuko da.

Txindokiko Kilometro Bertikala proba egingo da igande honetan, bigarren aldiz, eta izen ematea agortuta dago. «Epea ireki zenean, lehen bi orduetan ia erdia bete egin zen», esan du Igone Campos antolatzaileak. Txindokik duen erakarmenaz gain, aurtengo Euskadiko Kilometro Bertikal Txapelketa bertan jokatuko da, eta horrek ere suposatu du mendi lasterkarien artean interesa areagotzea.

Aurtengoa bigarrengo edizioa da. Aurreko urtean animatu ziren antolatzera, eta aurten ere jarraipena eman diote. «Iaz eguna zoragarria atera zen, eta ikusi genuen inguruko denak eskertuta zeudela lasterketa berreskuratu genuelako, eta pentsatu genuen segitu behar genuela antolatzen», esan du Camposek.

Euskadiko Txapelketa jokoan izateaz gain, Europako Txapelketara joateko puntuagarria izango da, eta, beraz, estatu osoko lasterkariak ere izango dira irteeran. Maila handia izango da Txindokiko magaletatik gora joango direnen artean, eta iaz ezarritako markak arriskuan daude. Oihana Kortazar iazko irabazleak 44.05 egin zuen, eta gizonezkoetan 35.59ko marka utzi zuen Asier Larruzeak. «Kortazar ez da izango proban, baina Naiara Irigoien nafarra eta Silvia Lara andaluziarra egongo dira, eta marka arriskuan egon daiteke», esan du Camposek. «Mutiletan ez dakit esaten, oso zerrenda indartsua dagoelako. Asier Larruzea iazko irabazlea izango da, eta uste dut tarte gutxian korrikalari asko sartuko direla».

Proba 10:00etan hasiko da, eta korrikalariak bosnaka aterako dira Larraizko aparkalekuko langatik. 22 minutu izango dituzte benetako irteera puntura iritsi eta kronometroa martxan jartzeko. Gaintzako bidegurutzea izango da hasiera puntu hori eta lasterkariek 3,6 kilometroko bidea eta 980 metroko desnibel positiboa izango dute aurretik. Guztira 230 korrikalarik hartuko dute parte proban. Sari banaketa 13:30ak aldera egingo da Larraizko aparkalekuan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!