Ireki dituzte larreak Larraitzen

Jon Miranda Labaien 2023ko maiatzaren 1a

Gaurko ekitaldian, iaz ez bezala, azienda bota dute larreetara; Enba sindikatuak ganaduzaleen eskakizunak aintzat ez hartzea egotzi dio Enirio-Aralar Mankomunitateari

Enirio-Aralar Mankomunitateak antolatuta herri larretokiak irekitzeko ekitaldia egin dute Larraitzen, 25. aldiz. Abere erakusketa, esku langintza saioak eta bertako produktuak erosteko aukera izan da bertan, besteak beste, ardi eta ahuntz gazta, taloak, sagardoa, orein produktuak eta baserriko ogia. Goizeko euri txikiaren ostean, ostarteak zabaldu eta giro ederraz gozatzeko aukera izan dute gerturatutakoek.

Iaz ez bezala, aurten, suziria botatzearekin batera aziendaren mendiratzea irudikatu dute abeltzainek eta buru gutxi batzuk bota dituzte Aralarko larreetara. Hurrengo egunetan larreratuko dituzte gainerakoak. Gaurko ekitaldia biribiltzeko Ansa ahizpen kantaldia, Unai Muñoa eta Bixente Gorostidiren bertso saioa eta herri kirol saioa egin dute, Suharri Rodrigez eta Jokin Urretabizkaia aizkolariekin eta Lur Errekondo harri-jasotzailearekin.

Kritika egin du Enbak

Gaurko ekitaldiaren harira, Enba sindikatuak Enirio-Mankomunitateko agintarien jokabidearekin «oso haserre» daudela jakinarazi zuten. Agintaldiaren amaieran balorazio «ezkorra» egiten dute: «Mankomunitateak lehertu egin du mendira igotzen diren abeltzainekin zuen interlokuzio osoa».

Sindikatuaren ustez, Enirio-Mankomunitateak bere norabide propioa finkatu du eta gutxieneko mantenu lanetara mugatu du bere egiteko «abeltzainek aldarrikatutako azpiegiturak eta lanak alboratuta, hala nola, bideak, txabolak edota xehaketak». Aurrez erabakitako estrategia baten ondoriotzat du Enbak eta esan du bere norabidea txalotzen duten talde «sasi-ekologisten» babesa duela Mankomunitateak.

«EH Bilduko hautetsiek osatu eta gidatzen dute gehiengoa Enirio-Aralarren, eta mendikoei bizkarra eman, eta aldiz, arrazoia eman die mendira aisialdirako baino igotzen ez direnei», esan du sindikatuak ohar batean. Enbak uste du egoera «penagarria» dela eta norabide berean jarraituz gero, mendirako eta abeltzaintzarako ondorio «latzak» ekarriko dituela. «Abeltzainok haserre, nekatuta eta etsita gaude, baina oraindik bizirik», esan dute.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!