Hamar etxebizitza egingo dituzte Abaltzisketan, Etorlurren bidez

Ataria 2023ko mar. 30a, 07:59

Jon Zubizarreta, Eider Mendoza eta Markel Olano, atzo goizean, Abaltzisketako Azpikoetxearen aurrean.

Etorlurrek Abaltzisketako Azpikoetxea birgaitu eta hamar etxebizitza eta bi lokal eraikiko ditu; aurten hasiko dituzte lanak.

Udalerri txikietan etxebizitza eskaintza bultzatzeko asmoa du Gipuzkoako Foru Aldundiak, Landagipuzkoa programaren barruan. Abaltzisketan, esaterako, Etorlurren bidez, hamar etxebizitza sustatuko dituzte Azpikoetxean. 

Eraberrituko den eraikina kokatzen den lurzorua udalak erosi egin zuen, eta orain, eremu guzti horren %50aren jabe egin behar du Etorlurrek, Jon Zubizarreta Abaltzisketako alkateak esan duenez. Hirigintza plangintza gauzatzen dutenean, lanak esleitu eta aurten hastea aurreikusi dute. Lehen fasean, bost etxebizitza eta lokal bat birgaituko dituzte, eta bigarren fase batean etorriko dira beste bost etxebizitza eta lokal bat.

Etorlurreko zuzendaria den Joseba Elosuak esan duenez, 1.000 biztanletik beherako herrietan jardun nahi lukete: «Etxebizitza duinak eta merke samarrak izatea nahi dugu, 80-100 metro karratukoak,  200.000 eurotik beherako prezioetan, herritarrek bertan bizitzen jarraitzeko aukera izan dezaten». 

Proiektu horren berri atzo goizean eman zuten, Abaltzisketako udaletxean egindako lan bilera baten ostean. Bilera horretan, besteak beste, Markel Olano diputatu nagusiak, Eider Mendoz Gobernantzako diputatuak, Xabier Arruti Nekazaritza eta Lurralde Garapeneko zuzendariak, Jon Zubizarreta alkateak, eta Tolomen eta Goimen agentzietako eta beste eragile batzuetako ordezkariek hartu zuten parte.

Etxebizitza beharrari dagokionez, Abaltzisketa «lehentasunez» jardun beharreko hamahiru herrietako bat bezala izendatu du Olanok. Alkiza, Amezketa, Beizama, Bidania-Goiatz, Elduain, Errezil, Gaintza, Gaztelu, Larraul, Lizartza, Orendain eta Orexa dira gainerakoak. Zerrenda hori aldundiak egindako diagnostiko baten emaitza dela jakinarazi du. «Landa biztanleriaren beherakada, besteak beste, etxebizitza berrien sustapenik ezarekin lotuta dago». 

Abaltzisketan, Landagipuzkoaren esparruan garatutako beste jarduera batzuk honakoak izan dira: landa bideak hobetzea 156.000  euroko foru ekarpenarekin, zuntz optikoa 25 baserritara zabaltzea, landa lurren mugak digitalizatzea, baserrietako elektrifikazioa hobetzea, ibilgailu bat eta makineria erostea, edo autobusa hartzen duten ikasleen segurtasuna egokitzea herrira sartzeko bidegurutzean. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!