Abaltzisketako Larraitz auzoan Larre Irekiera Festa ospatu dute. Artisau postuak jarri zituzten, gazta, bestelako elikagaiak eta pintxoak ere eros zitezkeen. Horrez gain, goizean zehar hainbat ekitaldi ikusteko aukera izan zen. Hala nola, Abarlotz Olano kantariaren musika, Oscar Ferrer zaldi hezitzailearen erakustaldia edota Bixente Gorostidi bertsolari amezketarraren bertsoak. Herri kirolek ere izan zuten bere tartea, eta bertan aritu ziren lehian Iker Vicente eta Mikel Larrañaga aizkolariak. Ekitaldia Enirio-Aralar Mankomunitateak antolatu du.
Hutsune nabarmena
Izan ez zirenak ganaduak eta ganaduzaleak izan dira. Ez zuten festan parte hartu nahi izan. Aralarko Abeltzainen elkarteak eta Enba eta EHNE sindikatuek zergatia azaldu zuten: «Mendiaren ardura nagusia duen Enirio-Aralar Mankomunitateak urte osoan egiten ez duena, egun bateko ospakizunarekin ezkutatu eta zuritu nahi du eta gizarte osoaren aurrean normaltasun itxura gorde asmo du». Errespetua eta duintasuna ere eskatu dituzte abeltzainek: «Errespetua, mendiko abeltzaintza egiten dugun baserritarrontzat eta gure ogibiderako; duintasuna, baliabideak eta azpiegiturak, gure jarduerarako».
Hala eta guztiz ere, abereek euren lekua izango dute Enirio-Aralar Mankomunitateko belardi eta larreetan. Aurten guztira 18.815 abere inguru elkartu dira, hain zuzen. «1991tik datuak jasotzen ari gara, eta esan dezakegu azken urte hauetan behiek gorakada handia egin dutela. Behorrak ere goraka egin dute, eta ardiak dira pixkanaka jaisten ari direnak», azaldu zuten mankomunitatetik. Ardiak, guztira, 17.000 izan dira; 940 behiak eta 875 behorrak.