Zortzi garagardo ezberdin, Abaltzisketako Gazte Egunerako

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko abe. 8a, 16:59

Abaltzisketan larunbatean egingo dute Gazte Eguna, baina nahiz eta izen hori jarri, azkenean, herritar guztiei zuzendutako eguna izango da. Bestalde, gaur, 19:00etan, Mairu Antzerki Taldeak Intxaurra antzezlana eskainiko du, Goibegin.

Abendua kultur ekitaldiz betea dute Abaltzisketan, eta dagoeneko hainbat ekitaldi izan badituzte ere, askoz gehiago dute gozatzeko. Horietako egun bat izango da larunbatekoa. Gazte Eguna ospatuko dute bazkariarekin hasita. Gazteentzako zerbait antolatu nahi izan zuten, eta «Gazte Eguna jarri genion izena, baina azkenean herri guztiari zuzendua izango da», argitu du Lorea Senperena antolatzaileetako batek. «Gazteen aitzakian denok elkartuko gara, eta herri mailakoa izango da eguna», zehaztu du.

Hasiera batean gazteei begirakoa izatekoa zenez, antolakuntzarako udaletik gazteei deitu zieten, eta azken batean, «elkarlanean» antolatu dute.

Bazkariarekin hasiko dute eguna, eta frontoian elkartuko dira guztiak. «Lehen aldiz garagardo azoka edo garagardo bazkari bat egingo dugu», azaldu du Senperenak.

Bazkaria catering baten bidez zerbitzatuko dute, eta garagardoa Legorretako Basabek jarriko du: «Zortzi garagardo ezberdin egongo dira, eta probatzeko aukera izango da».

Behin bapo bazkalduta, herritarrak eta herritar ez direnak poteora gonbidatuko dituzte. Giroa alaitzeko Ordiziako Burrunbazale txarangaren ardura izango da musika jartzearena. Hortik aurrera, nahi duenak festa nahi beste luzatzeko aukera izango du.

Bazkarirako txartelak salgai jarriak dituzte herriko hiru tabernetan. 28 euro ordaindu beharko du bazkarira joan nahi duenak, eta prezioaren barruan sartu dute, bai bazkaria eta baita garagardoa ere.

Menua bakailaoa ajoarriero erara eta arkumea burruntzian erreta izango da, eta postrerako gazta eta irasagarra. Bukatzeko, kafea ere eskainiko dute.

'INTXAURRA' ANTZEZLANA, GAUR

Kultur ekitaldien artean, eta Arnasa Gara programaren barnean, Mairu Antzerki Taldeak Intxaurra antzezlana aurkeztuko du, gaur, 19:00etan, Goibegin. Ondoren, mokadutxoa eskainiko dute, Ostatuan.

Aldiz, astelehenean, Sunprinua, Aralarko Artzainen musika tresna berreskuratzen hitzaldia izango da, Jokin Artolaren eskutik, Goibegin. 20:30ean. Hortik aurrera, hitzaldi ezberdinak izango dituzte, eta hilaren 17an, tradizio bilakatua den Txerri Festa ospatuko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!