Omenaldia, senidetzea eta Txindokiko marka hautsita

Imanol Garcia Landa 2022ko urr. 15a, 22:43

Herriko etxekoandreei omenaldia egiteaz gain, Ondarroa Arraun Elkarteko kideekin senidetzea osatu dute gaur abaltzisketarrek. Eta, bide batez, Abaltzisketatik Txindokiko tontorrera hiru abaltzisketarrek egindako marka hobetu dute hiru ondarroarrek.

Egun berezia bizitu dute gaurkoan Abaltzisketan. Herriko Etxekoandreen Eguna ospatu dute lehen aldiz, eta beraiei omenaldia egiteko baliatu dute.  Lehenbizi Mikel Lasarte azpiroztarrak motozerrarekin etxekoandre baten egurrezko eskultura amaitu du herriko plazan. Ondoren, eskulturari zapia jarri dio herriko emakume helduenak, 95 urte dituen Maria Dolores Matxainek. Eskultura ondoan elkartu dira herriko emakume ugari argazkia ateratzeko, eta ondoren Adur Gorostidik bertso bat abestu die. Ondarroatik Abaltzisketara etorritakoek ere omenaldian parte hartu nahi izan dute oparitxo bat eginez.

Egunak, gainera, hainbat osagarri zituen. Senidetzea izan baita Ondarroa Arraun Elkartea eta Abaltzisketaren artean. Elkarteko lehendakariak eta Jon Zubizarreta Abaltzisketako alkateak elkarri opariak emanez gauzatu dute senidetze hori. Apustu baten ondorioz iritsi da ekitaldia, Ondarroa Arraun Elkarteko Iñigo Toña eta Zubizarreta beraren artekoa. Ondarroak ez du mailarik jaitsi arraunean, eta beraz, beraien banderak zintzilikatu behar izan ditu alkateak udaletxeko balkoian. Aitzakia hori baliatuta iritsi da senidetzea, eta baita kirol proba berezi bat ere.

2009an apustu bat izan zen Abaltzisketan. Hiru herritar erreleboka beste baten aurka, Abaltzisketatik Txindokiko tontorrera zein lehenago iritsi. Hirukoteak irabazi zuen eta 51.18ko marka egin zuen. Bada, hiru ondarrutarrek gaurkoan ibilbide bera egin dute erreleboka, eta marka hori ondu dute, 50.03an utziz. Ioana Osa, Jon Feijoo eta Txomin Bustindui izan dira marka hori lortu dutenak. Abaltzisketako hirukotea, berriz, Jon Zubizarreta, Mikel Senperena eta Iñaki Goristidi. Lagunarteko argazkia atera dute etxekoandreen omenezko eskulturaren ondoan. Egunari jarraipena emanez, Ondarroatik etorritako 55 pertsonak eta Abaltzisketako 85 herritar inguruk bazkaria egin dute frontoian.

Erlazionatuak

Abaltzisketako etxekoandreei omenaldia

Imanol Garcia Landa 2022 urr 15 Abaltzisketa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!