Herriko Etxekoandreen Eguna ospatuko dute, Abaltzisketan

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko urr. 12a, 11:59
2009an Abaltzisketatik Txindokirako bidean egin zuten apustua.

Abaltzisketako Udalak herriko etxekoandreak omenduko ditu, larunbatean; horrez gain, Ondarroako hiru arraunlari 2009an Txindokira eginiko apustuko marka ontzen saiatuko dira.

Gogoan geratzeko moduko eguna antolatu dute larunbaterako, Abaltzisketan. Herriko Etxekoandreen Eguna ospatuko dute lehen aldiz, eta egun osoko egitaraua prestatu dute. «Beti asko egin duen kolektibo bat bada, eta gainera, ez gure herrian bakarrik, denean, hori etxeko andrearena da; eta sekula errekonozitu ez zaiena», azaldu du Jon Zubizarreta herriko alkateak.

«Herri mailan hitz egiterakoan, askotan ateratzen zen gaia zen, eta horien alde zerbait egin beharko genukeela», gaineratu du. «Kultur ekimenak bultzatu behar direla eta, herri gehienak aritzen gara udazkenean kultur aste edota hamabostaldiak antolatzen, eta nahi genuen zerbait egin, diru pixka bat ere bagenuen eta aurten egitea erabaki genuen», argitu du. Eta gaineratu: «Azkenean kultura eta kirola nahastu ditugu, eta egun osoko egitaraua atera zaigu».

Egunari hasiera, ordea, apustu batekin emango diote. Kasu honetan Ondarroatik etorriko dira kirolariak. Alkatea bera da ondarroarrekin harreman zuzena duena; «aurtengo denboraldia hasi zutenean oso gaizki hasi ziren, eta mailaz jaitsi beharko zutela esaten nien», kontatu du. Orduan iritsi zen apustua: «Lagunetako bat Athletic zalea izanda, maila galduz gero, Realeko bazkide egin beharko zuen, eta maila mantentzen bazuten, nik udaletxeko balkoian 24 orduz arraun elkarteko bandera jarri beharko nuen». Segituan onartu du: «banekien galdu egingo nuela, baina beti apustuak egiten aritzen gara, eta hori ere egin egin genuen». «Jada banekien bandera jarri beharra neukala, eta bitarte horretan beraiek herriko bandera ere irabazi zuten», jarraitu du kontatzen. Behin bandera jartzen hasita «gogoan geratzeko moduko zerbait» egin behar zutela pentsatu zuten Abaltzisketan. Bi banderak ekarri beharko dituzte. Orduan iritsi zitzaien ondarroarren erronka.

2009an Abaltzisketako hiru herritarrek beste herritar baten aurkako apustua egin zuten korrika: Abaltzisketatik atera eta Txindoki tontorrera. Iñaki Gorostidi, Mikel Senperena eta Jon Zubizarreta berak osatu zuten hirukoa, eta bakarrik atera zena Jabi Lasa izan zen. Bada, hiru ondarroar marka hori apurtzen ahaleginduko dira larunbatean. 51:18ko denbora egin zuten abaltzisketarrek. «Gu ez ginen kirolariak, eta etxekoandreen eguna denez, eta beraiek kirolariak direnez, bat emakumea izatea eskatu genien», argitu du Zubizarretak. Ondarroatik Joana Osa, Txomin Bustindui eta Jon Feijo etorriko dira lasterka egiteko prest, baina beraiekin autobus bat bete babes eta animo ekarriko dituzte Abaltzisketa aldera.

«Bide batez aprobetxatuko dugu etxekoandreak omentzeko eta bazkari eder bat egiteko», dio Zubizarretak. Hori gutxi ez, eta Abaltzisketa herria eta Ondarroako Arraun Elkartea senidetu egingo dira. 13:30ean izango dira senidetze ekitaldia, baina aurretik herriko etxekoandreak omenduko dituzte.

ETXEKOANDREEI AITORTZA

11:30ean izango da ekitaldi nagusia plazan. Motozerrarekin momentuan bertan egingo dute etxekoandrearen eskultura, eta egurrezko eskultura baliatuko dute herriko etxekoandre guztiei aitortza egiteko. Pilotalekuaren ondoan jarriko dute. «Bertako etxekoandreekin batera inauguratuko dugu», esan du. Adur Gorostidiren eskutik bertso bat ere prest dutela aurreratu du, plaka batean jartzeko.

Herri bazkaria egingo dute pilotalekuan, eta bertara joan nahi dutenek osteguna izango dute apuntatzeko azken eguna. Udaletxera deitu beharko dute 14:00ak baino lehen.

Bazkalostean, berriz, gitarra eta trikitiaren laguntzaz kantu zaharrak abestuko dituzte, eta arratsaldea nahi beste luzatzeko bertsoek eta herriko trikitilariek jarriko dute giroa.

EGITARAUA

Urriak 15, larunbata
09:00. Ondarroako Arraun Elkartekoak iritsiko dira Larraitzera.
10:00. Abaltzisketa-Txindoki marka ontzeko saikaera hiru arraunlariek burutuko dute. Lehendabiziko erreleboa emakumezko batek egingo du, herritik Gastasurira. Ondorengo erreleboak gizonezkoek.
11:30. Herriko plazan motozerrarekin erakustaldia, etxekoandrearen eskultura egingo da. Ondoren pilotalekuaren ondoan jarriko da, herriko etxekoandre guztiei aitortza eginez eta etxekoandre batek inauguratuko du.
13:30. Abaltzisketako herria eta Ondarroako Arraun Elkartearen senidetze ekitaldia izango da.
14:00. Pilotalekuan herri bazkaria egingo dute ondarroarrekin batera. Udaletxean izena emateko epea ostegunean bukatzen da.
Bazkal ondoren. Kantu zaharrak abestuko dituzte gitarra eta trikitiarekin. Bertsoak eta herriko trikitilariak alaituko dute arratsaldea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!