Ausa Gaztelun pista sarea eraiki nahi dutela salatu dute

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko uzt. 19a, 19:59

Naturkon, Aralar Bizirik plataforma eta Gipuzkoako natur talde eta ekologistek Larraizko langan eman dute jakitera Gipuzkoako Foru Aldundiak Abaltzisketan egin nahi duena.

Aralar Bizirik plataforma, Naturkon eta Gipuzkoako natur talde eta talde ekologisten ordezkariek gizarteari jakinarazi nahi izan diote Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza nagusiak Aralarren, zehazki, Abaltzisketako lurretan den Ausa Gaztelu mendiaren magalean pista sarea eraiki nahi duela, bederatzi kilometro koadroko eremuan.

Pista sare horren helburua Abaltzisketako Egido mendi publikoko izei eta pago landaketa eremuetan baso lanak egitea dela azaldu dute. «Orain 40 urte landatu ziren zuhaitz horiek eta ez ziren behar izan orain dauden baino pista gehiago», esan dute. Gainera, «pista sarea justifikatzeko esaten da abeltzainek ezin dituztela Txindoki eta Ausa Gaztelurako oinezko bideak erabili, mendizale asko eta txakur solteak dabiltzalako», salatu dute. Baieztapen horrekin, «bizikidetza ona gutxiesten» dela diote, eta «guztiona» den mendian, elkarbizitza «ezinbestekoa» dela. Txakur solteen kasuan, neurriak hartzea erakundeei dagokiela azpimarratu dute. «Baina, pista sarearen helburua zuhaiztiak badira, zertara dator txakur eta oinezkoen kontu hau?», galdera luzatu dute, eta zalantzan jarri: «Zuhaiztiak ez ote dira aitzakia ganaduzaleentzat pistak irekitzeko?».

Pistek «sekulako eragina» izango dutela mendian adierazi dute: «Lurzoruaren higadura gehiago, eremu horretako %12 gutxienez galduz, eta eremu horretako lur azpia komunikatuta dago Zaldibiako Osinbeltz iturburuarekin. Pista proiektuak kutsadura areagotzea ekar dezake zaldibiarrentzako ur edangarrian». Faunari dagokionean, berriz, ez dela kontuan izan galtzeko arriskuan dagoen baso saguzarra esan dute.

Pista sarearen %90 natur parkeko babes barrutian dagoela salatu dute, eta aldundiak duen legediaren arabera, pistetatik kanpo, berez ibiltzen den makineria astunarekin lan egitea debekatzen dela gogoratu dute. «Gainera, lurzorua eraldatu dezaketen lan guztiak debekatzen direla dio, aldaketa zuloak egiteko eta sarbideak iraunarazteko lanak salbu». Egin nahi diren lanei begira, egur materialak menditik ateratzeko, kablea edo lurzoruarentzat inpakturik ez duen antzeko erabideren bat erabiltzea ezinbestekoa izango dela diote.

Zuhaiztiari dagokionez, «lotsagarria» dela esan dute ingurumen eraginen txostena egin duen EKOS enpresak Txindoki eta Ausa Gaztelu iparraldeko magaletako basoak, «masa heterogeneoa eta zaharkitutzat» hartzen dituela, Aralarko baliabideen planean «balio ekologiko handiko ekosistematzat» hartzen direnean.

Bestalde, aldundiak dokumentazioa jendaurrean gazteleraz bakarrik jarri duela eman dute ezagutzera, eta epea abuztuan, «opor hilabetean» bukatzen dela kontuan hartuta, epea geldiarazteko eskatu dute, dokumentazioa euskaratu arte, eta abuztua ez kontatzeko eskatuz. Ez dutela erantzunik jaso aurreratu dute. «Aldunditik proiektua ezkutatzeko asmoa nabarmentzen dugu, Gipuzkoako buletinean argitaratu ez dutelako».

BALORAZIO NEGATIBOA

«Beste astakeria baten aurrean gaude», diote natur eragileetako ordezkariek, eta horregatik, Aralar mendiarekin lotura duten elkarte ezberdinei edota besterik gabe, Aralar babestu nahi dutenei; Aurki publiko egingo duten balorazio negatiboa Gipuzkoako Foru Aldundira bidaltzeko eskatu diete, «ingurumen txostena ontzat ez emateko eskatuz», «Abuztuaren 7a baino lehen egin beharko da, aldundiak ikus dezan gipuzkoarrok Aralarko parke naturala kontserbatu nahi dugula».

Bestalde, irailaren 18rako mendi ibilaldia antolatu dute, bai Gazteluko eremu horretara bisita egiteko, eta baita Saltarrira ere, "beste pista eraman nahi duten tokira, eta Alotzara, azken honetako natur kontserbaziorako lanak ikusteko". 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!