Oihana Kortazar eta Asier Larruzea izan dira irabazleak

Imanol Garcia Landa 2022ko maiatzaren 21a

Txindokiko Kilometro Bertikalean, Kortazarren atzetik Ainara Urrutia eta Maud Combarieu sailkatu dira. Larruzearen ondoren, Mikel Beunzak eta Ricardo Chertak egin dituzte denborarik onenak.

Erlojuaren aurkako proba izan da Txindokiko Kilometro Bertikala, eta guztira 186 parte hartzaile izan dira, horietatik 26 emakumezkoak. Oihana Kortazar mutrikuarra izan da azkarrena emakumezkoetan, 44.05eko denborarekin. Ainara Urrutia aretxabaletarrak egin du bigarren denbora onena (45.41) eta Maud Combarieu urruñarra izan da hirugarren (47.43). Leire Agirrezabala ibartarra izan da eskualdeko lehena (47.43), laugarren postua lortuz.

Asier Larruzea gueñestarrak egin du gizonezkoetan denbora onena, 35.59rekin, eta ondorengo denbora onenak Mikel Beunza alkoztarrak (36.25) eta Alcala de Xiverteko Ricardo Chertak (36.46) egin dituzte. Eskualdeko azkarrena Jokin Tolosa anoetarra izan da (39.44), seigarren postua lortuz.

Junior eta jubenil mailan bakarrik gizonezkoek parte hartu dute. Juniorretan, Aitor Ugarte aramaioarra (38.00) izan da lehenengoa, Gaizka Lasa legorretarra (43.47) bigarren eta Mikel Gonzalez durangarra (46.36) hirugarren. Jubenil mailan, Ibai Angulo azpeitiarra (42.14) izan da azkarrena, Julen Bereziartua alegiarra (47.36) bigarren, eta Ander Oiarbide segurarra (58.13) hirugarren.

Antolakuntza taldeko Igone Campos gustura azaldu da lasterketa nola joan den ikusita: "Oso pozik gaude lasterketa atera den moduan, lehenengo aldiz antolatzen genuela izanik. Asko eskertu digute lasterketa antolatzeagatik, eta jendea ikusi dugu pozik ibili dela. Baldintzak ere nahiko onak izan dira, nahiz eta bero pixka bat egin duen, baina dirudienez tontorrean haize pixka bat egin du, eta hori korrikalariek eskertu dute". Datorren urtean berriro antolatzeko animoz daude: "Korrikalariak gustura ibili dira eta boluntarioen aldetik sekulako laguntza izan dugu. Datorren urtean berriro laguntzera etorriko direla esan dute, beraz, lantalde honekin datorren urtean aurrera egingo dugula uste dugu". Camposek, gainera, korrikalariak animatzen egon den jende kopurua nabarmendu du: "Jende mordo bat etorri da. Are gehiago, proba bertikaletan normalean jende gutxiago izaten da, eta jende asko harrituta zegoen zenbat zale izan diren ikusita. Eta guretzako, aurrera begira, babes izugarria da hori".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!