Etxebizitzaren gaia dute helburu garrantzitsutzat, Abaltzisketan

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko mai. 11a, 07:59

Abaltzisketako Udalak egoera ekonomiko ona du, eta etxebizitzak egin nahi dituzte herritarrak bertan bizitzeko aukera izan dezaten, baina oraingoz eskaerarik ez dute.

Egoera ekonomiko onean dago Abaltzisketako Udala, eta 446.000 euroko aurrekontua du. Etxebizitzaren gaia dute garrantzitsutzat, baina gaia «konplikatua» dela esan du Jon Zubizarreta alkateak; «ez atzera eta ez aurrera gaude».

Gipuzkoako Foru Aldundia ere herri txikiei begira horretan ari dela, eta bilera pare bat egin dituztela azaldu du: «Herritarrek ere hori esaten digute, etxeak egin beharra daudela, eta guk ere badakigu etxeak egin beharra daudela, baina errealitatea da eskaerarik ez dugula». «Inork ez digu esaten egiten baldin badituzue ni geratuko naiz», dio Zubizarretak. Nahiz eta kanpotik bizitzera joandakoak ongi etorriak izango liratekeen, herriko seme-alabek herrian bertan bizitzen geratzeko aukera izatea da udalak duen lehentasuna.

Etxebizitza batean sartzeko aukera azken urteetako egoerak eta gertakariek zaildu egin dutelakoan da. Bien bitartean, udaleko arauetan aldaketa txiki batzuk egiten ari dira, eta martxan jarriak dituzte arauak. Sei etxebizitzako etxe bat egin nahi dute. Iaz bereganatu zuten zati guztia, eta jada udalaren jabetza da udaletxearen ondoko eremua. «Formula bilatu beharra daukagu. Promotorea udalak izan behar duen edo foru aldundiak; edo kanpoko eraikuntza enpresaren bati eman behar diogun, edo kooperatiba bidez interesatuekin... horiek aztertzen ari gara». «Administrazio publikoak egitekotan alokairukoak behar dute izan etxebizitzek, eta hori ere ez zaigu gehiegi gustatzen Abaltzisketa baterako», zehaztu du alkateak.

Bestalde, iaz aritu ziren kale izendegia eguneratu eta berritzen, eta forma guztia emana badute ere, pandemiak atzeratu die herritarrekin konpartitu ahal izatea. Herritarrekin batzarra egin nahi dute, gero batzar nagusitik pasako lukete, eta ostean etorriko litzateke aldaketa.

MUGARRIAK ETA URA

Bestalde, foru aldunditik diru laguntza jasoa dute herriko muga guztiak, hau da, partzela guztiak digitalizatzeko. «Batzuk mugarri fisikoak dituzte, baina beste askok ez dituzte galdu egin direlako, eta lanketa handi bat egiten ari gara». Herriaren lur guztiak, bai pribatu eta baita publikoak ere markatzen ari dira: «Dedikazio handia eskatzen digu». Guztira ia 1.000 partzela dituzte, eta «horrek esan nahi du terreno zaleek ondoko guztiekin adostu egin behar dituztela mugak, eta erreka zulora jaitsi beharra dagoenean jaitsi egin behar dela, eta basoan gora edo behera joan behar denean, berdin».

Zubizarreta gustura agertu da herritarren aldetik «harrera ona» izaten ari direlako. «Bagenekien katastroa ez zegoela ondo, baina hain gaizki zegoenik ere ez genuen uste», zehaztu du. «Mugen gainean denok ari gara ikasten; bai partikularrak, udaleko langileak eta baita gu ere».

Lehen fasean ari dira, eta akta bat jasotzen dute mugakideen artean. Puntu bat zehaztu eta hesola edo zinta bat jartzen dute. «Aktak sinatuta udaletxera ekartzen dituzte, eta kanpoko enpresa bat dugu kontratatuta topografikoki hartzeko».

Azaroa bitarteko epea dute mugarri guztiak zehaztu eta jasotzeko; «ari gara, baina oraindik asko falta da», nabarmendu du. Udara guztia beharko dutela esan du.

Horrez gain, Goilarre programaren barruan, herri mendian, ur ekarrera bat egiten ari dira pare bat kilometroan, ura ez zegoen tokian larreratu ahal izateko. Aspaldiko nahia dela ekarri du gogora, eta ia bukatzear dituztela lanak. «Lan dezente ari gara egiten, eta hiru aska jarri ditugu».

DIRU LAGUNTZAK BALIATUZ

Abaltzisketako Udalak ez du hutsik egiten eta aurten ere baserri bideak konpontzeko laguntza baliatuko du bi baserri bide berritu ahal izateko. «Iazko azaroko euriteen inguruan luizia ere joan zitzaigun, eta horren konponketa izango da bat, eta beste bide batean hormigoia botako da».

Abaltzisketako Ostatuko sukalderako tresneria berritzeko diru laguntza eskatu dute Eusko Jaurlaritzako Leader programara: «Jada urte batzuk baditu, eta aldaketa batzuk eskatzen ditu».

Diru laguntza bai ala bai egin behar izan duten udaletxeko teilatuko konponketarako eskatuko dute: «Diru laguntza jaso edo ez jaso, itoginak genituen eta konpondu egin dugu jada». Gainera, efizientzia energetikoari begira udaletxeko leiho guztiak aldatu nahi dituzte: «Beroak ihes egiten digu neguan». Kasu honetan, ordea, itxaron egingo dute ea diru laguntza lortzen duten «gastu handia» delako. Kultur ekitaldi eta festei begira ere, herri bazkaritarako eta afaritarako aulkiak eta mahaiak erosteko asmoa dute aurten; «beti aldameneko herrietakoei eskatzen ibiltzen gara; bertso afari eta abarretarako musika ekipo baten beharra ere izaten da, hori ere beti eskean ibiltzen baikara amezketarrei, eta erostekotan gabiltza».

Kultur ekitaldietan sartuta, udazkenean egitekoak ziren, baina udaberrirako utzi zituzten. «Jendea gogoarekin ere badago», eta jada martxa hartu dute. Esaterako, Aste Santuan itxi zituen ateak Abaltzisketako Ermentañe jatetxeak, eta herritarrez gain, udalak ere bere omenalditxoa egin nahi izan die festa giroan: «Herriari hainbesteko bizia eman dion eta beti herriarentzako egon den taberna bati zerbait egin beharra zegoen».

Herri giroa sortzen duten ekitaldiek herritarrak «bete» egiten dituztela argitu du, eta «gehiago» egiteko eskatzen dutela. «Gure herriko jendea gauza gutxirekin konformatzen dena da, eta askotan beraiek ateratzen dira ondoen eta merkeen».

Abaltzisketa eta Larraitz, herri txikia izanagatik jende asko jasotzera ohituta daude, eta baita harremanak izaten ere; «baina, iluntzea iristean gustatzen zaigu guretzat ere, herrikoentzako zerbait jartzea».

PROIEKTU PILOTUA

Haziren bitartez Hispasat enpresa jarri zen harremanetan udalarekin. Herri txiki batean egin nahi zuten proba, «bertako zerbitzuak hobetze aldera». Sentsore pila bat eskaini dizkiete, eta herrian zerbitzu publikoak direnak digitalizatu nahi dituzte: argiteria publikoa, hondakinen edukiontziak, ... «Sentsoreak jarrita ditugu, eta aplikazio baten bitartez sentsoreek esaten digute, esaterako, edukiontziak zenbateraino beteta dauden edo argiteriaren kasuan bakarren bat fundituta dagoen edo behar bezalako argirik ez duela egiten».

Eraikin publiko guztietan, tabernetan eta Logikalinen bertan CO2 neurgailuak jarrita dituzte, «airearen kalitatea neurtzeko».

Basoan ere suteen kontrakoak jarriak dituzte. «Tenperatura, hezetasuna,... datu pila bat ematen dizkigute, eta sute arrisku handia bada alertak bidaltzen dizkigute». Mendian estazio meteorologiko bat, mendiko txabola batean wifi zerbitzua, bidegorrian eta Txindokirako bidean jendearen kontagailuak, ... Guztiz jartzen bukatzean, sei bat hilabetez izango dituzte jarrita, eta gero udalak erabaki beharko du interesatzen zaion edo ez zerbitzua mantentzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!