Aralarko larreak irekitzeko festa egingo dute, Larraitzen

Tolosaldeko Ataria 2022ko api. 27a, 14:59

Enirio Aralar Mankomunitateak bi urteren ostean, Abaltzisketako Larraitz auzoan festa antolatu du iganderako. 10:00etan artisau eta salmenta postuen irekierarekin emango zaio hasiera festari, eta 12:00etan jaurtiko dute larreetarako bidea zabalduko duen suziria.

Aralarko Larreak Irekitzeko festa egingo da, igandean, Abaltzisketako Larraitz auzoan. Enirio Aralar Mankomunitateak bi urte eta gero, berriz ere, festa antolatu du.

Egunari hasiera 10:00etan emango diote, eta artisau eta salmenta postuen irekiera egingo dute. 11:00etan, Oscar Ferrer zaldi hezitzaileak erakustaldia eskainiko du, eta ohiko ohiturari eutsiz, 12:00etan irekiko dute langa. Larre irekiera ekitaldia izango da, eta suziria jaurtitzearekin batera Aralarko larreen irekiera irudikatuko dute. Ondoren, artalde eta haziendak mendiratuko dituzte. 

Aralarko Mankomunitateko larreetara aurten 17.000 ardi, 940 behi eta 875 behor igoko dituzte. Guztira, artzainen eta abeltzainen artean, 130 ustiatzailek izango dute Aralarko larreak erabiltzeko aukera. Goizean zehar, musika Abarlotz Olano kantariak jarriko du Larraitzen, eta Bixente Gorostidi bertsolari amezketarra ariko da bertsotan.

Behin larreak irekita, herri kirolen txanda izango da. Iker Vicente eta Mikel Larrañaga aizkolarien arteko saioa ikusteko aukera izango da.

Goizean zehar, abereen erakusketa egongo da Larraitzen, edota eskulangintza saioak: artilea, saskiak, harria,... Horiez gain, bertako produktuak erosteko aukera ere izango da: ardi eta ahuntz gazta, sagardoa, orein produktuak, baserriko ogia,...

Antolatzaileek jakitera eman dutenez, aurten, arratsaldean egin ohi zuten erromeria ez dute egingo. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!