Azken ordainketa egin, eta Azpiko etxea bereganatuko du udalak

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko mar. 31a, 08:00
Lau urte eta gero, Azpiko etxea eta bere lur saila bereganetuko ditu udalak etxebizitzak egin ahal izateko.

Abaltzisketako Udalak 408.152 euroko aurrekontua du; etxebizitzak egin ahal izateko erosi duten Azpiko etxeako lur sailaren 52.500 euroko azken ordainketa egingo dute.

Abaltzisketako Udalak 408.152 euroko aurrekontua du. Azken urteetakoaren antzekoa dela esan du Jon Zubizarreta alkateak. «Urtean zehar lortzen ditugun diru laguntzei esker pittin bat igoko da, edo hori da espero duguna behintzat», gaineratu du. Langileen egitura bera eta gastu arruntak ere berdinak izango dituztela aitortu du: «Inbertsioetarako ditugun 110.000 euro inguru ere urterokoa da».

«Inbertsioak egiterako orduan, eta pandemia honekin gero eta gehiago gainera, egin behar ditugun inbertsio guztiak izendatuta jartzeko ohiturarik ez dugu», argitu du Zubizarretak. Baina iaz aldaketa bat bai egin behar izan zuten. Abaltzisketako Udalak, etxebizitzak egiteko helburuarekin herrigunean dagoen Azpiko etxearen lur saila erosia du. Hiru urtetan banatuta ari da ordainketa egiten, eta iaz zuen azkena: «Iaz egin behar genuen ordainketa ia guztiz geureganatzeko, eta 105.000 eurokoa zen. Egon ziren murrizketak tarteko, dirua falta genuen».

Pandemia egoera zela eta, telefonoz hitz egin behar izan zuten lur sailaren jabeekin, «erdia ordainduko geniela izan zen proposamena, hau da, 52.500 euro. Eta ea beste erdia aurtengorako atzeratzerik ba ote genuen», azaldu du Zubizarretak. «Ez zuten izan inongo zalantzarik, ulertu egin zuten eta baiezkoa esan ziguten», eta esker moduan gaineratu nahi izan du: «Iazko urtea beraiek izan zuten detaile horri esker salbatu genuen. Bestela zorpetu egin beharko ginateke, eta ez genuen beste ezer egiteko aukerarik izango».

Honenbestez, 52.500 euroak Azpiko etxeko lur saila ordaintzen bukatzeko erabiliko dituzte, eta Abaltzisketako Udalaren jabetzara pasako da. 330 biztanle bizi dira Abaltzisketan. «Ez dugu 400 edo 500 izan nahi. Ez da hori. Ez da herria hazteagatik haztea. Baizik eta, herriko seme-alabek, bertan gelditu nahi badute bertan geratzeko aukera izatea da. Hori da gure helburu nagusia». Kontziente dira eraikitzeko egoera ez dela erraza.

Horrez gain, urtero-urtero, baserri bideetan asko erreparatzen dute, eta diru laguntzak eskatzen dituzte: «Aurten ere bi eskatu ditugu, eta pentsatzen dut diru laguntzak izango ditugula, baina hasiera batean horretarako dirua jarri dugu», adierazi du.

Errepideez gain, herriko langilearen autoak dagoeneko 23 urte beteak dituela ekarri du gogora, eta hori ere aldatu nahi dutela esan du ekaina alderako. «Azterketa teknikoa egokitzen zaion garairako aldatu nahiko genuke». Hortik aurrera, urtea luzea dela oraindik dio: «zerbait ikasi badugu da epe luzera begira ezin dugula bizi momentu honetan, eta beharrik bada hor izango dugu diru poltsa bat. Larraitzen azterketaren bat egin nahian bagabiltza, eta agian horretara bideratuko dugu».

Azken urteetan «gurea bezalako udal txiki batentzat bi proiektu potolo» izan dituztela azpimarratu du. Alde batetik erosi duten lur saila legoke, eta bestetik Ñañarri sagardotegia: «Diru kopuru handia eskatu dute, eta urteetan jasotzen aritu gara horiek aurrera atera ahal izateko».

Eta aurrera begira ere badituztela beste pare bat proiektu aurreratu du alkateak: «guretzat handi samarrak diren proiektuak dira, eta agian aurten hasiko gara horietarako zatiren bat jasotzen».

LARRAITZ

Ez da pandemiak sortu duen gaia, aldez aurretik ere udalean bazuten kezka, baina areagotu egin dira Larraitzen bisitari kopuruarekin sortzen diren arazoak. Iragan igandeko eguna jarri du adibidetzat: «Bai Zaldibia aldera, eta baita herri aldera ere, bide bazter guztiak beteta zeuden». Proposamen ezberdinak esku artean dituztela aurreratu du, baina, zalantzak ere badituzte: «ez dakit arazoari konponbidea ematen asmatuko dugun».

Lehenik eta behin, ordea, herritarrei batzar batean azaldu nahi diete proposamena, eta herritarrei aurkezterako, ondo landu nahi dute Larraitzerako garatuko duten proposamena. «Alde onak eta txarrak aztertu nahi ditugu, bizilagunak eta negozioak daude tarteko, eta guztiekin kontatu behar dugu. Oreka bilatu. Aurtengo urtea lanketa egiteko hartuko dugu».

KALE IZENDEGIA

Kaleen antolaketa berria egin du udalak. Kaleen izenak, zenbakiak eta auzoen antolamendua berritu dute, eta hori ere herritarren aurrean aurkeztu nahi dute, osoko bilkuran onartu aurretik. «Jendeak jakin egin behar du aldez aurretik, eta jendearen ekarpenak jaso nahi ditugu». Horrekin lotuta, herriko gune ezberdinetan kartel handi batzuk jarriko lituzkete kale, etxe eta auzoak non dauden jakiteko.

FESTAK ETA KULTURA

Ezin dela oso altu hitz egin dio alkateak, egun batetik besterako gauzak aldatu egiten direlako; «iaz egun pare bat, diskretuago bada ere, ospatu genituen, eta nik uste dut aurten ere ez dela arazorik izango neurriak hartuz zerbait antolatzeko».

Kultur ekitaldi mordoxka bat ere badituztela pilatuta esan du. «Udazkenean ezin izan genituen egin, eta atzeratzea erabaki zen». Abaltzisketarrek parte hartzeko ohitura handia dutela aitortu du, eta jende erdiarentzat gauzak ez dituztela antolatu nahi dio: «Berriki herri batzarra egin dugu, baina, azkenean bi batzar egin behar izan genituen; izan ere, lokal txikiak ditugu herrian, eta edukiera neurriengatik hori ari zaigu gertatzen».

Bestalde, udala ekonomiko osasuntsu dagoela esan du Zubizarretak: «Iaz sagardotegiko lanak zirela eta inbertsio potoloa zen guretzat, sukaldeko tresneria guztia berria jartzea erabaki genuen arazorik ez izateko, eta hor zorpetu egin behar izan genuen, baina oso txikia da zorra».

Uztailean irekita, herritarrak «gustura» daudela esan du, eta baita udala ere. Era berean, Larraitzek beste taberna baten beharra zuela dio, «etortzen den jende guztia hartu ahal izateko».

Bukatzeko, herritarrak zoriondu nahi izan ditu, beraien portaera onagatik: «Herritik atera ezinik egon garen denbora guztian, 300 biztanle bakarrik izan arren, herriko jendea asko inplikatu da lau establezimenduekin».

 

ZENBAKITAN

SARRERAK                                                EUROAK

Zuzeneko zergak                                                  53.550

Zeharkako zergak                                                 2.000

Tasak eta beste sarrerak                                  27.1300

Transferentzia arruntak                                  302.562

Ondare sarrerak                                                  21.110

Kapital transferentziak                                      1.800

GASTUAK                                                  EUROAK

Pertsonal gastuak                                            140.000

Gastu arrunt eta zerbitzuetan                    88.533,63

Finantza gastuak                                                     600

Transferentzia arruntak                                   49.900

Inbertsio errealak                                        109.618,37

Kapital transferentzia                                         5.500

Finantza pasiboak                                              14.000

GUZTIRA                                              408.152,00

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!