«Oinarri on bat dugu etxean, eta hortik hazi nahi dugu gure ganadua»

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko urt. 20a, 07:59

Enpresako lanak utzi, eta duela hiru urte erabaki zuten baserritik bizitzea Adur eta Egoitz Gorostidi anaiek; gurasoen baserriari jarraipena emanez, Pirenaika arrazako haragitarako txekorrak hazten dituzte Abaltzisketako Larraitz auzoko Zubeldi Erdi baserrian.

Txikitatik tokatu zaizue baserrian lan egitea?

Egoitz Gorostidi. Bai, txiki-txikitatik tokatu zaigu bertan lan egitea eta bizitzea. Gure gurasoek baserria zuten, nahiz eta aita ez zen bertatik bizi. Txikitatik ikusi dugu zer dagoen baserrian.

Zein oroitzapen dituzue?

Adur Gorostidi. Jolas leku moduan ikusten nuen baserria. Aitona, aita eta ama baserrian aritzen ziren lanean, eta ni bizikletarekin belar bola artetik karrerak egiten. Egun batean edo bestean ganbelan ere bukatu izan nuen. Jolas horren barruan pentsatzen dut esango zidatela hau eraman edo hura ekarri. Baina behiak ez ziren nire jolaserako maskota.

E. G. Nik uste dut makinak eta motor soinua izan dela gehien tiratzen ziguna. Animaliak ere bai, baina nik uste dut gehiena traktoreak izan direla.

Nerabezaroan lan gehiago egitea egokitu zitzaizuen?

A. G. Bai. Ez dakit zenbat urte izango nituen, 15 urte inguru, eta gure aitak mina hartu zuen, eta ia negu oso bat geldirik egon behar izan zuen. Aitona eta amona jaisten hasita zeuden, eta ama eta nire artean eutsi behar izan genion negu horri. Hori izan zen inflexio puntua eta hortik aurrera ezberdin ikusten hasi nintzen. Ardurak bizkarraren gainean hartu beharrak ate asko eta begi asko ireki zizkidan.

E. G. Ni geroago hasi nintzen eginbeharrak ikusten.

Ikasketekin, ordea, enpresa mundura sartu zineten.

A. G. Esperientzia ona izan dut, eta kanpoko enpresetan lan egitea oso erosoa da. Azkenean ordutegi bat duzu eta soldata ona duzu. Gure kasuan, ez dugu inoiz baserriko ibilera utzi, zerbait paraleloa izan da. Ikasketak eta baserria uztartzen genituen, eta gero, naturalki etorri zen enpresako lana eta baserriko lana, biak uztartzea. Ez zen izan bat edo bestearen hautua egitea.

E. G. Niri asteburuetan ere lan egitea tokatzen zitzaidan enpresan, eta ez zen oso erosoa. Ez nuen jai egunik izaten normalean behintzat. Astean zehar enpresatik jai egitea tokatzen bazitzaidan, ukuilura etortzen nintzen eta hor egiten nuen lan. Asteburuak jai izanez gero, orduan bai izaten nuen aukera gehiago lagunengana eta joateko.

Noiz hasten zarete baserritik lan egiteko aukerari tiraka?

E. G. Nik uste beharra ikusten genuela jada, aurrera edo atzera egiteko. Gurasoak ere adinean aurrera, eta biak uztartzea ez genuen posible ikusten. Nik uste Adur izan zela lehenengo esan zidana ea zer iruditzen zitzaidan, eta hortik hasi ginen pixkana lantzen.

Lan gehiegi biak uztartzeko?

E. G. Bai, lan gehiegi eta bizitzeko baldintza hain onak ere ez. Bietara nola zauden, azkenean biak ezin ondo egin.

A. G. Prozesu fase bat izan zen. Aurrena bideragarritasun plana egin genuen eta ea zer eman zezakeen ikusi. Ez zen izan gauetik goizerako erabaki bat. Prozesua martxan jarri eta emaitza batzuk eman zituen. Horren arabera hartu genuen erabakia.



Gurasoek gustura hartu al zuten zuen erabakia?

E. G. Ez hain gustura esango nuke. Nik uste beraiek nahiago zutela enpresan lan egitea. Ez zuten garbi ikusten hemendik bizitza ateratzeko aukera izango genuenik. Nahiago zuten enpresan lan egin, eta hau hobby moduan hartzea.

Zuek, ordea, garbi zenuten.

E. G. Behin emaitzek ematen zutela ikustean garbi ikusi genuen.

Etxeko baserria handitu behar izan duzue?

E. G. Bi pertsona garenez kantitate bat izatea eskatzen digute, eta azken bi urteetan obra egiten aritu gara. Nik uste dut jada iritsi zaigula gozatzen hasteko garaia.

A. G. Orain hiru urte bete dira ustiategia gure izenean jarri genuela. Gaztenek proiektuan sartu ginen, eta bideragarritasun planak x animalia izan behar genituela eskatzen zuen. Horiek sartzeko gure lehengo ustiategia ez zen behar adinakoa. Ganadu aldetik, berriz, oinarri on bat dugula iruditzen zaigu etxean, eta hortik hazi nahi dugu gure ganadua. Horrek denbora eskatzen du, baina prozesu horretan goaz.

Nolakoa da zuen egunerokoa?

A. G. Guk bi fasetan banatzen dugu. Bat izango litzateke uzta biltzea negurako, eta bestea ganadua ukuiluan dagoenean jana ematea. Udako lana oso planifika gaitza izaten da: eguraldiak baldintzatzen du, belarrak, gauean egin duen basurak, ez dago ordutegi finkorik... Negukoa planifikatuagoa dugu. 08:00ak aldera hasten gara. Ukuilura etorri eta 13:00ak aldera eguneko lanik handienak egiten ditugu. Egunak ezberdinak dira. Bazkal ostean, beste zeregin batzuk egiten aritzen gara, edo itxiturak konpondu, belar bolak ekarri,... Iluntzean 17:00ak aldera hasten gara eta 19:00k bitarte edo aritzen gara: txekorrak bota, janak aurreratu, azpiak egin...

Udaberrian eta udan al duzue lanik gehiena?

A. G. Udakoa desordena eta kaosa izaten da. Agian hiru egunetan euria egingo digu eta oso lasai ibiliko gara, eta gero bost egunetan goizean jaiki eta ilundu bitarte, bazkaldu ere egin gabe, segidan belarretan ariko gara. Negukoa, aldiz, eguneroko lana da, baina ordenatuagoa.

Zer ematen dizue baserriak?

A. G. Animaliekin lanean ari zarela prozesu oso bat ikusten duzu. Esaterako, haziak jartzen aritu gara, bederatzi hilabetera txekor bat jaioko da, eta handik bi urtera behi izaten denean, eta behi ederra ikusten duzunean betetzen zaitu. Edo udaberrian kanpora ateratzen direnean dotoreago ikusten dira. Naturari begiratuta ere, belar berde horren koloreak nola janzten duen gure paisaia ikusteak eta guk hor eragina izateak ere nolabaiteko poztasuna ematen dizu.

E. G. Horri gehituko nioke, enpresarekin konparatuta, lasaitasuna ematen didala, eta lanerako gogoa eta grina sortzen dizkit. Zeurea den momentutik ezberdin ikusten da, hemen zu zara zure buruaren jabe eta esklabo.

Zer jaten dute Zubeldi Erdiko behiek eta txekorrek?

E. G. Behiek gehien bat siloko belarra eta artoa jaten dute; udazkenean patsa ere ekarri izan dugu. Txekorrei gizentzeko, berriz, artoa, pentsua eta belar ondua ematen diegu.

Naturaz ere gozatzen dute.

A. G. Apirila erdi aldera Abaltzisketako lur sailetara ateratzen ditugu, eta maiatzaren lehenean Aralarrera joateko eta baserri aurreko aldapetan ibiltzeko aukera irekitzen zaigu udazkena bitarte.

Txekorrak haztean saltzea komeni. Zuek ziurtatua duzue hori nolabait.

E. G. Data konkreturik ez dugu izaten, baina Harakai Urkaikok komertzializatzen du gure haragia. Urtebete ingururekin, saltzeko moduan dagoenean abisatzen diegu, eta beraiek eramaten dituzte hiltzeko.

Horrek lasaitasuna emango du, ezta?

A. G. Handia. Pentsa, 13 hilabeteko txekorrak izango bagenitu hemen nora saldu ezinik... Buruhaustea litzateke. Horrek segurtasun bat ematen du. Normalean oso ondo saldu izan ditugu, bere garaian. Eta kentzea bakarrik ez da, gero kobratuko duzunaren ziurtasuna edukitzea ere gauza ederra da.

Zuen moduan pauso hau emateko zalantzan dagoen bati zer esango zeniokete?

A. G. Gustatzen bazaio eta probatu badu aurrera egiteko esango nioke. Ez dut uste damutuko litzatekeenik. Bizitza honetan bide bat hartu eta atzera egitea ez da porrot bat; probatu eta beti egongo da atzera egiteko denbora.

E. G. Gehien bat, lan hau gustukoa izan behar da. Beste edozein lanek baino ordu gehiago eskatzen du. Gustatuz gero, nik uste erraz eramaten dela lan hau.

Elkarrizketa osoa entzun Baserritik saioan: "Arrakala handi samarra egin zaigu baserria eta kaleko bizimoduaren artean".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!