Txindokiko Marirekin egun pasa

Ataria 2020ko uzt. 9a, 18:00

Abaltzisketa-Larraitz-Abaltzisketa ibilbideak 3.700 metro ditu; malda eta bidezidor errazeko itzuli laburra izan arren, aberastasunez beterik dago.

Hiri handi, museo edo eremu zabal bezain ikusgarri batetara joatean, ohikoa izaten da ondorengo esaldia: «Oso polita, baina dena ikusteko egun bat baino gehiago behar da». Kasu horietan, egun pasa neurri bilakatzen da.

Abaltzisketatik Larraitzerako joan-etorria neurri horrekin neurtu beharko bagenu, ondorengoa esango genuke: ibilaldi labur bezain erraza izanagatik, dena ongi ikusteko egun osoa behar da. Ondorioz, itzuliaren iraupen egokiena, egun pasa da.

Ibilaldia Abaltzisketako autobus geltokian hasi eta bukatzen da. Larraitzera abiatu aurretik, ordea, herriko eliza nagusia bisitatuko dugu, eraikuntzaren balioagatik eta atzean dagoen argibide taulagatik. Itzuliaren planoa modu argian ikusten da bertan, Abaltzisketako historia laburraren alboan. Besteak beste, Abaltsizketako biztanleak txalburuak ezizenez ezagutzen direla irakurriko dugu argibideen taula horretan. XVI. mendekoa den San Juan Bataiatzailea lehenengo lekuan utzita, autobus geltokira itzuliko gara berriro. Herri sarrerako bidegurutzean Larraitzerako bidea hartuko dugu, malda arin batean gora eta Txindokiren begiradapean. Errepidea ezkerretara geldituko zaigu, baina 200 metro ingurura, Kareagako basora jaisteko, bidea gurutzatuko dugu. Egurrezko taula handi batek esango digu noiz utzi behar dugun Otarreko ibilbidea.

Kareaga, Egialde eta Kareaga Txikiko bidea maldan beherakoa da, porlanezko hasiera batean. Galbide handirik gabeko itzulia denez, belaunak berotzen hasi orduko Larraitzerako bidea markatzen duen seinalea ikusiko dugu Kareaga basoaren sarreran. Gomendagarria da mendiko oinetakoak ematea, zati horretan euriak bidea lokazti bilakatzen baitu. Kilometro eta erdi ibili ondoren, Larraitzera iritsiko gara zuhaitz arteko bidea atzean utziz. Txindoki aurrean dugula, atseden tokira abiatuko gara errepidearen ondotik, langaraino iritsiz.

Larraizko atseden lekuan, iturria, mahai eta aulkiak, komunak eta haurrentzako parkea daude. Txindokiren magalean goiza edo arratsaldea lasai pasatzeko leku ederra da. Langari dagokionez, berriz, urtero zabaltzen dute maiatzaren lehenean, Larre Irekiera Festa egiten baitute, nahiz eta aurten ezin izan duten festarik egin. Aralarko atea hori zabaltzen denean, inguru zabaleko ardi eta abereak pasatzen dira parke naturalera.

MARIREN ZUHAIZTIA

Euskal mitologiako Mari jainkosaren lehen berria, Larraitzera itzultzean edukiko dugu. Txindokiko Itzala Infogunea ikusiko dugu baselizaren ondoan. Tolosaldean turismoa sustatzeko helburuarekin zabaldutako informazio puntua da. Gaztetxo eta ez hain gaztetxoek, euren txokoa Mariren zuhaiztian dute. Bertan, tximinoen antzera ibiltzeko aukera dago, zuhaitzetik zuhaitzera zintzilikatuz, hori bai, modu seguruan.

Itzulerako bideari eltzeko garaia iristen denean, Otarreko ibilbidea hartu behar da, Abaltzisketara doan errepidearen ezkerretik joanda. 1,5 kilometroko luzera dauka bidegorriak. Malda oso apalak izateaz gain, ikasgaiez betetako bidea da eta ondorioz, 20-30 urrats ematen diren bakoitzean, beharrezko da atseden hartzea.

Malda errazak dituenez, geldialdiaren arrazoia jakintza da, Otarreko ibilbidean animalia, landare eta euskal mitologiaren inguruko informazio ugari aurkituko dugu, euskaraz, gazteleraz eta itsuek irakurtzeko sisteman idatzia. Horietako taula bati esker, itzuli guztian lagun izan dugun hura ezagutuko dugu: Mari, euskal jainkosa bat da. Europako antzinako Jainkosa Amarekin zerikusia daukana: emankortasuna, amatasuna eta bizitza irudikatzen zituen. Erdi Aroko elezaharrek sorgin batekin nahasten dute, Amezketan ziotenez, Txindokin zazpi urte eta Murumendin beste zazpi ematen zituen Marik.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!