Larraizko Ñañarri jatetxean obrak ia bukatzear daude

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko eka. 24a, 09:59

Abaltzisketako Udalak aspalditik zuen Ñañarri jatetxea egokitzeko proiektua; hiru bat astean lanak bukatzea aurreikusten dute, eta arduradun berria ere aukeratua dute.

Azken txanpan sartuta daude Abaltzisketako Larraitz auzoko Ñañarri jatetxeko obrak. Jon Zubizarreta alkateak adierazi duenez Abaltzisketako Udalak urte asko daramatza proiektu hau aurrera eraman nahian, eta «irrikaz» daude bukatzeko.

Otsaila aldean hasi ziren obrekin. Gerora, bizi den osasun krisia dela eta, «lasai» hartu dituztela lanak azaldu du Zubizarretak, eta gauzak «ondo» egiten saiatu direla dio. Hiru bat astean irekitzeko moduan izatea aurreikusten dute.

Obra hauek egitearen beharra jatetxeak zuen gabezietako bat konpondu nahiak ekarri du: «Eraikinak tabernako barra oso txikia zuen, eta hasiera-hasieratik jatetxeak izan duen gabezietako bat hori zen». Lan hauekin, «barra txikia kendu eta taberna handiagoa egin dugu, eta bide batez, komun irisgarriak egiteko aprobetxatu dugu». Ez hori bakarrik, ordea, terrazari garrantzia eman nahian, kanpoko itxura ere aldatu diote: «Aurrealdeko itxura aldatu diogu terraza jartzeko egokituz. Nik uste dut polita gelditzen ari dela».

«Erabilgarriago eta irisgarriago izateko lanak dira, eta sukaldean ere ia guztia berria jarri dugu», gaineratu du. «Lehengoa jende askok erabilia zegoen, eta jada urte askokoa zen, eta momentu honetan lana ondo egiteko moduan dagoen eraikin bat dela esango nuke», argitu du Zubizarretak. Era berean, «buelta asko eman dizkiogun proiektua da, eta ez dakit asmatu ote dugun edo ez».

Obra «handia» izan da Abaltzisketako Udalarentzat. 250.000 euroko aurrekontua izan du, eta beste partida batetik, «sukalderako diren mahai tresnak edota beste hainbat material erosi ditugu», gaineratu du. Mota honetako lanak egiteko diru laguntzak behar-beharrekoak dituzte udalek, eta Eusko Jaurlaritzako Leader programatik jaso dute diru laguntza; obraren kostuaren %65a da laguntzaren bidez ordainduko dutena. «Gurea bezalako udal batentzat laguntzarik gabe ez da bideragarria honelako obra bat egitea», nabarmendu du.

KUDEATZAILEA AUKERATUTA

Abaltzisketako Udalak lanak aurreratu ditu, eta obrak bukatzerako lehiaketa bidez aukeratua du Ñañarri jatetxeaz arduratuko den pertsona. Ofizioa ondo ezagutzen duen pertsona dela aurreratu du, eta Amezketan bertan bizi dela: «Konfiantza handia ematen digu».

Herrietako ostatuak sarri itxi eta irekitzen dira, baina toki ederrean dago kokatuta Ñañarri jatetxea. Jende asko gerturatu ohi den herria da Abaltzisketa, eta batez ere, Larraitz: «Eguraldi onarekin jende asko ibili ohi da». Esperientziatik, Larraitz «zuria» eta «beltza» moduan definitu du Zubizarretak: «Euria ari duen egun batzuetan argia ordaintzeko ere ez duzu ateratzen, eta ostera, eguraldi ona denean gainezka egon zaitezke».

Irekitzeko beharraz ere hitz egin du: «Momentu honetan bada behar bat. Larraitzen lau taberna ezagutu ditugu irekita, eta orain bakarra dago. Asteburuetan Larraitzek hartzen duen jende guztiarentzako taberna bat ez da nahikoa». Herriko jendearentzat ere onura delakoan dago: «Batetik bestera tragoak hartuz ibiltzeko edota azken batean, beste aukera bat gehiago da».

Aldiz, garbi du herritarrentzat ez dela lehentasunezko proiektua: «320 biztanleontzat nahikoa taberna eta gehiegi ere badaude lehendik ere, baina Larraitzek hartzen duen jende kopuruarentzako behar da», azaltzen du Zubizarretak.

Eta gaineratzen du: «Taberna bat irekitzean, ordea, lanpostu batzuk ere sortzen dituzu, eta guk hori ere nahi dugu. Herrian bertan lanpostuak sortzea beti izan da gure lehentasunetako bat».

Alde guztiak jarri dituztela mahai gainean esan du alkateak, eta «orain ikusiko da zein emaitza ematen duen».

Hala eta guztiz ere, «gustura» daudela dio, eta «ilusioz».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!