"Egunerokotik ateratzeko plan bat izan daiteke abentura parkea"

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko eka. 18a, 19:58

Larunbatean zabalduko ditu ateak Abaltzisketako Larraitz auzoan dagoen abentura parkeak; eskaintza murriztu eta moldaketak egin behar izan dituzte.

Koronabirusa dela eta hilabeteak itxita egon ostean, Txindokiko Itzala Abentura Parkeko langilea den Ainhoa Zuazuk adierazi du «gogotsu» daudela lanean hasteko. Aldaketak egin behar izan dituzte, eta aurten, beharrezkoa izango da joan aurretik erreserba egitea.

Txindoki Itzala Abentura Parkea larunbatean zabalduko duzue.

Bai, gauza guztiak prestatu ditugu, eta ateak irekiko ditugu. Gogo handiarekin gaude denboraldiari hasiera emateko. Orain ekainean bi asteburutan zabalduko dugu, eta uztaila eta abuztuan egunero edukiko dugu zabalik. Gero, iraila, urria eta azaroan, berriz ere, asteburuetan izango da zabalik.

Zuek ere hilabete askotako lana galdu duzue.

Bai. Azkenean dena prest geneukan martxoan denboraldiari hasiera emateko, eta bat-batean hau etorri zitzaigun. Udaberri guztia eta Aste Santua galdutzat eman ditzakegu, baina udarara begira indar askorekin eta gogo handiarekin gaude bisitariak jasotzeko.

Nola bizitu dituzue hilabete horiek?

Ezjakintasun handiarekin egia esan. Hasiera batean komentatu zen denboraldia bertan behera geldituko zela. Egunak pasa ahala albisteak jarraitzen joan gara, eta horren harira gauzak prestatzen eta erabakiak zeintzuk ziren itxaroten egon gara, gu martxan jarri ala ez erabakitzeko.

Orain lanean hasteko moduan zarete.

Aldaketak egin behar izan ditugu parkean. Protokoloak ezarri, zirkuituak aldatu, txandak antolatu,... baina hasiera emango diogu dena ondo azalduz, eta abentura segurtasun osoz bizi ahal izango da.

Zer da Txindokiko Itzala Abentura Parkea?

Txindokiko Itzala Abaltzisketako Larraitz auzoan kokatuta daukagun abentura parkea da. Tirolina, zuhaitzetik zuhaitzera ibiltzea, orientazioa,... ekintza ezberdinak egiten ditugu natur ingurune paregabean. Txindokiko magalean gaude, eta horregatik gure izena. Aralarko atean kokatutako informazio puntua eta parkea ditugu. Ekintzak garatzeko eta naturaz gozatzeko leku ezin hobea da. Baso txiki bat daukagu, eta bertan zirkuitu ezberdinak dauzkagu adinaren eta altueraren arabera. Trebezia eta oreka lantzeko zirkuitu txikia daukagu haurrentzako, eta zirkuitu oso bat, handia eta ertaina barnean dituena, heldu, gazte eta haurrentzako.

Adinak ez du mugarik, ezta?

Guztientzat irekia den tokia da. Txikia, haur txikienentzat. Gainerakoa kuadrilla, enpresa edota familia arteko helduenei bideratutako eta diseinatutako zirkuitua da.

Ondo pasatzeko aitzakia.

Bai. Ondo pasatzeko eta naturaz gozatzeko. Egunerokotasunetik ateratzeko plan bat izan daiteke. Ez gara egunero zuhaitzetatik zintzilik ibiltzen...

Eskaintza murriztu egin behar izan duzue?

Bai. Protokoloak azkenean zer eta nola eskaini baldintzatu digu. Lehen ez geneuzkan txandak definituta eta txanda berean sartzen zen jendea zirkuitu ezberdinetan, eta orain, talde murriztuak izango ditugu, eta gida bat izango dute segurtasuna bermatu ahal izateko.

Zein ordutegi duzue?

10:30ean hasten dugu eguna, eta txandak ordu erdiro izango dira 14:30ak arte. Gero 15:30etik aurrera ariko gara eta azken txanda 18:00etan sartuko litzateke. Aurten erreserba aldez aurretik egin behar da txindokikoitzala.com webgunean. Talde murriztuak izango ditugu, eta tokia badela ziurtatzeko aurretiko erreserbarekin gerturatu beharko dira.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!