"Osasun alarman al gaude? Bai?"

Ataria 2020ko ekainaren 1a

Galdera hori luzatu zuen sare sozialetan Jon Zubizarreta Abaltzisketako alkateak, larunbatean. Izan ere, 2. faseak kezka zabaldu du landa eremuetan dauden herri txiki eta auzoetan.

Asteburuan eskualdeko mendietan jende ugari ibili da, eguraldia lagun. Herri eta auzo txikietan auto ilara luzeak pilatu dira, eta horrek, bertakoen kexak sortu ditu. "Osasun alarma egoeran al gaude?", galdetu zuen larunbatean Jon Zubizarreta Abaltzisketako alkateak, Larraitzen ikusi zuenaren harira. Kexak, ordea, ez dira Txindoki magaletik bakarrik etorri. "Asteasun, Andazarraten, berdin"; baita Gipuzkoako beste hainbat landa eremuetan ere.

Ezinegon horri ahotsa Jon Zubizarretak jarri dio, Larraitzeko aparkalekuan grabatutako bideo bat zabalduz.

  • "325 biztanleko herri batek gaur (larunbata) bakarrik Gipuzkoa osoko 600 kotxe, furgoneta eta autokarabana baino gehiago hartu ditu. Bihar, beste horrenbeste... eta dena dohainik!".
  • "2. fasea, konfinamendu guztiak bezalaxe, gure herriari mesede baino kalte gehiago egiten ari zaio; herri haundientzat pentsatuta dagoelako dena".
  • "Urbasara joaterik ez, San Migelera ezta, Nafarroa, Jaka, Pirinioak debekatuta... eta gure herri txiki honek tragatu behar dena".
  • "Baserritarrak traktoreekin pasa ezinik; ganaduzaleak ganadua mendira eramateko desesperatuta...".
  • "Eta astelehenean, zer? 325 biztanle horien zergetatik garbituko ditugu komun publikoak; zaborra bildu; belarra moztu eta bide gorria txukundu. Gero gipuzkoar guztik dohainik gozatzeko astero-astero bezala. Bakar bakarrik inoren laguntzarik gabe!"
  • "Justua iruditzen al zaizue? Hau guztia Abaltzisketak hartu behar al du bere gain?

Amaitzeko, Abaltzisketako alkateak ordenantzaren bat egiten hasi beharko dutela onartu zuen, baina edukazio eta errespetu gehiagorekin jokatzen hasi beharko dela gogoratuz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!