“Animaliekin lanean ari garenok ia terroristen pare jartzen gaituzte”

Erabiltzailearen aurpegia Eider Goenaga Lizaso 2019ko aza. 8a, 15:59

Baserrritarra eta gaztea da Adur Gorostidi. Duela bi urte hartu zuen baserrira esklusiboki dedikatzeko erabakia, eta berea baserritar gehiagoren eredu izatea nahiko luke: "Baten bat, bakarra bada ere, animatzen bada, ondo".

Baserriko lanak eta baserri kanpoko lana uztartu zituen hainbat urtez Adur Gorostidik (Larraitz, Abaltzisketa, 1988), baina duela pare bat urte baserria hautatu, eta kanpoko lana utzi zuen, biak uztartzea ezinezkoa egiten zitzaiolako. Baserritar gaztea naiz, eta harro nago topaketen hirugarren aldia egingo du bihar Enba sindikatuak, Zaldibian, eta han eskainiko du bere testigantza Gorostidik.

Baserritar gaztea naiz, eta harro nago. Zuen jarduna aldarrikatzeko beharra sentitzen duzue?

Nik uste dut komenigarria dela topaketa hauek egitea; gure jarduna azaltzea dudan egon daitekeen jendeari. Gurea sektore zaharra da, bukatzear dagoen sektore baten irudia daukagu maiz, eta topaketa hauetan baten bat, bat bakarra bada ere, animatzen bada, primeran.

Baserri girotik kanpokoei zuen lana ikusgarri egiteko modua ere bada?

Ez dakit zuzenean zeini begira antolatutakoa den, baina izan liteke hori ere. Niri testigantza eskatu didate, eta horixe egingo dut. Espero dut hori baliagarria izatea: bai sektorea ezagutzen ez duen jendeak pixka bat ezagut dezan, bai guk emandako pauso honekin dudan dagoena anima dadin.

Baserritik kanpo, enpresa batean lanean aritutakoa zara. Baina baserrian buru-belarri aritzea erabaki zenuen. Zerk eraman zintuen erabaki hori hartzera?

Bi lanak egiten nituen, baina batek nahiko lan ematen du, eta, bietara ezin iritsita, baserrian buru-belarri sartzeko apustua egin nuen, duela pare bat urte. Bietan aritzea ez zen oso sanoa. Sektore honek nahiko ordu eta dedikazio eskatzen du, eta beste toki batean baldin bazaude, hemengo betebeharrak utzita eta behar bezala bete gabe aritzea eragiten du.

Erabaki hori hartzeak, baserrira esklusiboki dedikatzeak, zer eman edo kendu dizu? Zerbait kendu badizu…

Eman… bizitzeko beste filosofia bat eman dit. Baserria ordutegirik gabeko lan bat da, baina animaliekin zaude, gustuko lekuan ari zara… Nik argi daukat hemen aritzeko gustukoa izan behar duzula; gustuko ez baduzu, bide motza du honek. Eta kendu? Bada, bueno, beste gauza askok bezala, honek kendu ere egiten du. Hemengo dedikazioak beste leku batzuetan egoteko aukera kentzen dizu; esaterako, ni bertsozalea naiz, eta asteburua iristen denean, askotan ezin izaten naiz nahiko nukeen bertso saio horretara joan. Izan ere, behiek egunero-egunero jaten dute, egunero kasu egin behar diezu, ez dago jaiegunik.

Azienda zuk bakarrik eramaten al duzu?

Anaiak eta biok hartu genuen hau, eta aita ere hemen ibiltzen da egunero laguntzen; esan liteke hiruron artean eramaten dugula. Okeletako behiak ditugu; produkziorako 70 bat, eta, guztira, 150en bueltan.

Jardunaldietan, belaunaldi berriak baserrira erakartzeko Gaztenek programari buruz hitz egingo duzue. Zuk parte hartu duzu programa horretan?

Bai, bi anaiek jaso genuen Gaztenek-eko laguntza.

Zein laguntza mota da: ekonomikoa, prestakuntza arlokoa…?

Denetik du pixka bat. Gure kasuan, ekonomikoak bai laguntzen du, baina batez ere aholkularitza jaso dugu. Lehendik etxean egiten ari ginen hori pixka bat paperen gainean nola jarri, bideragarritasun plan bat egin, proiektua garatu…

Hutsetik hasi nahi duenarentzat ere ba al da programa hori?

Denontzat da laguntza, eta irekia da, baina hutsetik hasteko lehenengo pauso hori ez da batere erraza. Izan ere, guk oinarri bat bagenuen hemen, arraza batekin ari ziren lanean, 30 urtean genetika hobetzen aritutako behiak genituen, azpiegiturak ere bai, makineria bat… Eta, hala eta guztiz ere, ez da erraza pausoa ematea. Hutsetik hasi nahi dutenentzat, berriz, askoz ere zailagoa da. Badaude adibideak, eta nik uste dut horiek izan beharko luketela hutsetik hasi nahi duten horien eredu.

Argi dago baserrian belaunaldi berrien falta dagoela. Zuk zeri leporatzen diozu falta hori?

Gizartea beste norabide batean dabil. Nire lagunak-eta ikusten ditut, eta haien xedea da zortzi ordu nonbaiten lan egin eta hortik etekin bat ateratzea, gero bidaiatzeko edo aisiarako. Eta honek ez du halako tarterik uzten. Bestalde, zu prest egon zaitezke zure aisiarako denbora hori lanari dedikatzeko, baina, noski, jende bat daukazu inguruan, familia bat daukazu, eta familiak ere ulertu behar du zure erabakia, ulertu behar du hau ez dela beste edozein sektore bezalakoa. Gizarte honetan ez da erraza puzzle hori dena uztartzea. Eta ekonomikoki ere sektorea larri samar dago; soldata finko bat ere ez duzu…

Egiten duzuen lana baloratua dela sentitzen duzue?

Uste dut sektore hau lehen errespetatua zela, baina orain, hori ere ez. Gero eta gehiago gertatzen zaigu animaliekin lanean ari garen pertsonak ia terroristen pare jartzen gaituztela; Aralarreko pisten gorabehera ere hor dago; orain ematen du metano isurketetan ere haragiaren sektorea dela errudunik handiena… Askotan sentitzen gara zerbait gaizki egiten ariko bagina bezala, eta horrek ere ez du animo handirik ematen. Beraz, nik uste dut inportantea dela gure lanari balioa ematea.

Zu landa eremukoa izanda, inguruan baduzu zure erabaki bera hartu duen gazterik?

Gure sektorean pentsatzen jartzen naiz, eta hemen inguruan ez zait inor bururatzen. Ardiekin edota esnetarako behiekin ibiltzen den gazteren bat bai, baina okeletarakoekin, ez zait inor etortzen burura.

Zuena bezalako azienda bat, belaunaldi berririk ezean, desagertu egingo da, ezta?

Bai, eta desagertzen da bertako produktu bat, bertako arraza bat, jarduera ekonomiko bat, eta ganaduak lurrari egiten dion zaintza eta garbiketa lana ere bai.

Zer eskaintzen diote belaunaldi berriek lehen sektoreari? Profesionalizazio bat, agian?

Sektore hau ari da, nolabait esateko, enpresa txikirako pausoa ematen, haren funtzionamendura egokitzen, bai paper kontuei dagokienez, bai langile aldetik… Baserri bat, lehen, etxeko denen artean eramaten zen jarduera bat zen, lehengusu eta osaba-izebak laguntzera etortzen ziren, eta, orain, nik uste dut gero eta gehiago ari dela enpresa txiki baten antza hartzen. Lehengo esentzia folklorikoa galdu egin du baserriak.

Belaunaldi berriak sartzen direnean, belaunaldien arteko talka gertatzen al da?

Ez. Baina, egia esan, funtzionamendu aldetik-eta, ez da aldaketa handirik izan. Lehen egiten zen lan moduari segida bat eman diogu guk, eta, alde horretatik, ez dugu izan arazorik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!