Udal Hauteskundeak 2019. Alkateei elkarrizketak

"Larraizko egoerari heldu nahi diogu"

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko ira. 18a, 19:57

Jon Zubizarretak neurria hartua dio alkate karguari. Hirugarren agintaldia hasi du alkate moduan, zinegotzi gazteak lanerako gogoz dituela. Ñañarri irekitzea eta etxebizitzak egitea ditu helburuen artean.

Jon Zubizarretari (Abaltzisketa, 1977) ez dio loa kentzen alkate karguak.

Hirugarren agintaldia duzu.

Egia esanda ez naiz konturatu noiz bukatu den bat eta noiz hasi den bestea. Ilusioarekin nago.

Nahi duzulako edo erreleborik ez delako zaude karguan?

Erdi eta erdi dela esango nuke. Alde batetik, niri ez zitzaidala egokitzen iruditzen zait, eta beste norbaitek heldu behar ziola kargu honi. Baina bestetik ikusten dut jende gaztea eta oso ona daukagula, orain sartu direnak kasu. Oso gazteak dira, eta pena litzateke segituan erretzea. Lau berri sartu dira, eta esperientzia hartuko dutela iruditzen zait. Jende gehiago ere bada, eta hurrengorako bakarren bat egongo da erreleboa hartzeko moduan.

Erakustea tokatuko zaizu.

Faltan botatzen dudana da ni baino zaharragoren bat ez egotearena. Esperientzia eta patxada ematen dizute, eta nik bete beharko dudala ikusten dut. Gazteak ikaragarrizko gogoarekin sartu dira, eta gaitasuna dute.

Ardurak banatuta dituzue?

Bai, baina, dena denok egiten dugu. Hirigintza, kultura, nekazaritza... eta, gaiak denon artean eztabaidatzen ditugu.

Nolakoa da alkate izatea?

Nik beti esaten dut Abaltzisketako alkate izatea erraza dela. Herritarrek ondo dakite gure lehen dedikazioa ez dela udala, eta iluntzeetan elkartu behar izaten dugula gure lan orduak bukatuta.

Gaur, zertan ari zarete?

Bi proiektu potolo ditugu. Bat, Larraizko Ñañarri sagardotegia litzateke. Aurreko legealdietatik datorrena da, eta behingoz bideratu dugu. Udazkenean obrak egingo ditugu komunak, barra... egokitzeko; eta martxo alderako irekitzea nahiko genuke. Bestetik, etxebizitzen kontuarekin aspalditik gabiltza. Lurzorua erosi berria du udalak, eta orain horri forma ematea tokatuko zaigu. Aldundiak baserri bideetarako dituen laguntzak ere aprobetxatuko ditugu. Bestela, betiko filosofiari eutsiko diogu, hau da, herria ez dadila izan lo egiteko bakarrik, baizik eta bizitzeko eta gozatzeko.

Osasuntsu dago herria?

Orain ume gutxiago ditugu, eta horrek kezkatzen gaitu. Ezin dugu erlaxatu herri txikietan. Eskolak izan behar du herri honetako oinarrietako bat. Gainerakoan, jendeak erantzun egiten du antolatzen diren gauzetan, eta beraz, herriak behar duena hori dela badakigu.

Eta nola dago udala?

Zorrik ez dugu, eta egoera ekonomikoa ona da. Diru sarrera oso mugatuak ditugu, eta aspaldiko urteetan xuhurkerian ibili gara, besteak beste, lurzorua erosi ahal izateko.

Lortu ez duzuen zerbait bada?

Larraizko egoerari heldu nahi diogu. Asteburuan 17 furgoneta egon dira bertan lo egiten. Betiko eztabaida da, eta diru sarrera eskasiaren aurrean, tasaren bat jartzearena eztabaidatzen ari gara. Beste toki batzuetara joaten garenean, ohituta gaude ordaintzera. Udal langileak Larraitzi eskaintzen dizkion ordu kopurua ikusita, kanpotarrei begira egiten du lan, beste gune batzuk albo batera utzita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!