Larreak irekita, Aralarren dira abereak

Tolosaldeko Ataria 2019ko mai. 1a, 15:11

Giro ederrean egin da larre irekiera ekitaldia, gaur goizean, Larraitzen. Jojo Goienetx Garaziko Mendietako Elkargoko lehendakaria eta laboraria arduratu da langa irekitzeaz. 

Jai giroa nagusitu da goizean Larraitzen. Aralarko Larre Irekiera Festa egin dute. Urrira bitarte, 19.250 abere inguru elikatuko dira Enirio-Aralar Mankomunitateko belardi eta larreetan. Horietatik gehienak, 17.500, ardiak izango dira; 1.000, behiak eta 750, behorrak.

Goizetik izan da zer ikusi Larraitzen. Artisau postuak jarri dituzte, gazta, bestelako elikagaiak eta pintxoak ere eros zitezkeen. Horrez gain, Ostadar dantza taldeak emanaldia eskaini du goizean zehar eta eguerdian Mikel Mendizabal eta Bixente Gorostidi bertsolariek saioa eskaini dute.

Ekitaldia nagusia 11:30ean egin dute. Larreetako langaren giltza eskuratu aurretik hitza hartu dute Arantxa Ariztimuño Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendi eta Natura Inguruneko zuzendariak eta Jose Miguel Santamaria Enirio-Aralar Mankomunitateko presidenteak. Azken honek eman dio larreak irekitzeko giltza Jojo Goienetx Garaziko Mendietako Elkargoko lehendakariari. Horiekin batera, mankomunitateko udal herrietako ordezkariak eta sindikatuetako kideak egon dira oholtzan.

Oholtzako ekitaldiaren ondoren, langara gerturatu dira oholtzako kideak eta Jon Zubizarreta Abaltzisketako alkateak suziria bota duenean ireki du giltzaz langa Goienetxek. Horrekin batera, behi, behor eta ardiak txalo artean sartu dira larreetara. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!