Trikitiaren eta panderoaren festa, Abaltzisketan

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko api. 5a, 11:58

Herriko trikitilari eta pandero jotzaileak elkartzeko aitzakia moduan antolatu dute festa eguna, hilaren 13rako.

Abaltzisketan, hilaren 13an, trikiti doinuak nagusituko dira. Trikiti bazkaria antolatu dute, eta helburua herriko adin ezberdinetako trikitilari eta pandero jotzaileak elkartzea izan da, festa egiteko aitzakiarekin.

Maialen Senperena abaltzisketarraren hitzetan, «Abaltzisketan beti egon izan da trikitiarekiko zaletasuna, eta txiki-txikitatik, beti, ikasteko aukera egonda». Horrek, urtetan, trikiti eta pandero jotzaileak herrian bertakoak izatea ekarri du, nahiz eta adin tarte ezberdinekoak izan. «Herriko festetan, ia urtero, gaztetxoen artean egin izan ditugu emanaldi edo saioak, baina inoiz ez gara elkartu herritar guztiak. Hasi gazteenetatik, eta helduenetara». Berez, batzu-batzuk badirela adierazi du Senperenak, eta behin baino gehiagotan hitz egindako gaia dela honakoa: «Aurten aurrera ateratzea lortu dugu, eta bazkari bat jarri dugu, guztiok elkartzeko».

Bazkarira, trikitia edo panderoa jotzen duten herriko 15-16 pertsona joango dira. Gazteenak 11 urtekoak izango dira, eta helduenak, berriz, 78 urte ditu. «Inoiz ez gara elkartu, eta herri txikia izateko dezente gaude», azpimarratu du Senperenak.

«Eguerdian elkartuko gara, eta 14:00etan bazkaria izango dugu. Bazkalosterako emanaldi bat prestatzen ari gara. Hasieran, denok batera kanta batzuk joko ditugu, gero talde txikitan ariko gara, eta bukaeran ere denok batera joko dugu», azaldu du. Musika jotzen ez dutenek, hankak astintzeko aukera izango dute, dantza eginez. Eta «ea dena ondo ateratzen den, eta jendea gustura bada eguna luzatzen dugun», gaineratu du. Lehen aldiz ari dira trikiti bazkaria antolatzen: «Entseguak egiten ari gara, eta dena ondo ari da ateratzen. Jendea gogoarekin dago».

Larraitz Gain jatetxean egingo dute bazkaria, eta txartelak erosteko azken eguna, hilaren 7a, igandea, izango da. Momentuz 45 bat pertsonak erosia dute, baina, «epea jarriagatik, beti izaten dira epez kanpo ibiltzen direnak, eta ez dakit zenbat izango garen». Musikari izan edo ez izan, herritarrek nahiz herritik kanpokoek dute txartelak eskuratzeko aukera: «Batez ere herritarrentzat jarri dugu, baina kanpotik etortzera ere gonbidatu daude», dio Senperenak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!