Energia aurrezten ikasteaz gain, praktikan jartzeko gida

Tolosaldea Garatzen garapen agentziak, atzo, Abaltzisketako eskola txikian aurkeztu zuen Energiaren superheroia izateko gida liburuxka. Tolosaldea Garatzenen ustez, «teoria praktikan jartzea da ikasteko modurik eraginkorrena», eta horixe da Izpi superheroiaren gidarekin lortu nahi dutena.

Tolosaldeko ikasleei banatuko zaien liburuxkak, energia aurrezteko erronkak luzatuko dizkie haurrei. Eta horiek bete beharko dituzte ikasleek, Izpirekin batera, energiaren superheroiak bilakatzeko. Eskualdeko ikastetxe guztietara iritsi nahi dute, eta Lehen Hezkuntzako ikasleei bideratutako ekimena da.

Gida horretan haur bakoitzak superheroi izen bat asmatu beharko du, eta mundu garbiago bat izateko bidean Izpik luzatutako erronkak burutu beharko ditu egunero-egunero. Gailu elektronikoak itzaliz, oinez nahiz bizikletaz mugituz edota ura aurreztuz, superbotereak bereganatzen joango dira haurrak, eta guraso edo tutoreek hala egiten ari direla ziurtatuko dute astebetez, liburuxkan zigilua botaz. Behin proba guztiak beteta, haurrek superheroi kapa eta antifaza jaso ahal izango dituzte.

Superheroi kuadrilla handia osatu nahi dute Tolosaldeko neska-mutilekin, baina «lehen misiorako ezin gara 300 baino gehiago izan», azaldu dute. Hortaz, «superheroi izan nahi baduzu, bete proba guztiak ahal bezain pronto, eta batu zaitez». Kili superheroia izan zen Abaltzisketako eskolan, eta Kilik, superheroi izateko ipuin kontaketa bidez eman zizkien azalpenak Abaltzisketako ikasleei. Esaterako, uraren eta argiaren erabilera eta kontsumoa izan zituen hizpide.

MUNDU GARBIAGO BATENGATIK

Mundu garbiago bat ez dela lortzen adierazi dute Tolosaldea Garatzenetik; baizik eta, «egin, egiten da».

Guraso eta helduentzat ere kontzientziazio eta hausnarketarako arrazoia izatea bilatzen du Tolosaldea Garatzeneko kanpaina honek. Emaitzak eskuratzeko guztien inplikazioa beharrezkoa dela azpimarratzen du Izpi superheroiaren gidak, eta «ez ahaztu energia aurreztea denon ardura dela».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!