«Dantza bai, baina parrandarekin lotuta egoten zen»

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko ots. 25a, 08:59

Abaltzisketan inauterietako igandea egun berezia da. Baserriz baserri eta etxez etxe, trikiti doinuak eta umore ona lagun hartuta ibiltzen dira, txantxoak, kolore biziz jantzita. Etenaldi baten ostean, 90eko hamarkadan, berreskuratu egin zituzten txantxoak, Abaltzisketan. Tartean suertatu ziren, orduan, Kepa eta Iñaki Gorostidi Garmendia anaiak.

Zein da txantxoen inguruko lehen oroitzapena?

Kepa Gorostidi: Gaztetasuna. Orduan, mutil kozkorrak ginen. Aurreko urteetan txantxoak galduta egon ziren, eta Jose Luis Zubeldia hasi zen mugitzen. Berreskuratze lan horretan, parean, gu geunden, gazteak. Ilusioa egiten zigun ateratzeak eta kide izateak, gure aurrekoei asko entzun baikenien txantxoez hizketan.

Iñaki Gorostidi: Jose Luis etorri zitzaigun egun batetik bestera, txantxoak berreskuratzea polita izango litzatekeela esanez. 15-16 urte izango genituen, eta bera arduratu zen adin buelta horretako gazteok elkartzeaz. Garai bateko txantxoen argazkiak ikusiak genituen. Orduan ez zen Internetik ,bideoak eta argazkiak ikusteko. Jantzi dotoreak ziren, eta dantza ikasi egin behar izan genuen.

Zenbateko taldea osatu zenuten lehenengo urte hartan?

K.G.: Hamaikakoa. Zortzi dantzari, soinu jotzailea, mozorroa eta saski eramailea.

I.G.: Dantza bikoteka egiten da. Gogoan dut, nik bigarren ilaran egiten nuela dantza, eta gazteena zen Kepa, lehen lerroan egoten zen. Txikitik handira. Urteak eta altuera kontuan hartuta.

Lehenengo urteko egun hura nola gogoratzen duzue?

K.G.: Nobedade handi moduan. Urduritasuna, ilusioa, tentsio puntua eta zerbait berezia izan zen. Urteak aurrera pasatu ahala ohiko bihurtu zen, baina, hasieran, ilusio handiarekin ateratzen ginen.

Baserri eta etxeetan gustura hartu zintuzten?

I.G.: Bai. Orain ere bai, baina, garai hartan, uste dut, berria zelako, baserrietan zain egoten zirela jatekoa emateko edo zahatoa eskaintzeko, eta oso polita izaten zen.

Zer ordutan hasten zenuten eguna?

K.G.: Uste dut zazpiak aldera geratzen ginela janzten hasteko eta, ateratzerako, zortziak izango ziren.

I.G.: Bai, etxafuegoa bota eta zortzietan ateratzen ginen. Etxetik alkandora eta galtza zuriekin joaten ginen, eta abarkekin. Gero, gerrikoa eta bi mantoiak jantzi behar ziren. Mantoiak oso politak ziren, baina bakarrik ezin genituen jantzi. Anjeles Iztuetak laguntzen zigun, eta oraindik ere berak jarraitzen duela esango nuke.

Gaur egun erabiltzen diren mantoiak berdinak dira?

I.G.: Mantoiek ere badute beren historia. Esango nuke, Angeles Iztuetaren etxean bat agertu zela. Baserriren batean edo bestean gorde ziren, baina desagertu egin ziren. Ekarri zituzten, baina zortzi lagunentzat behar ziren, guztira 16. Gogoan dut, 2 edo 3 zirela zaharrak. Bilatu egin behar izan zituzten haien antzekoak ziren mantoiak. Gure izeba Miren saiatu zen eta, gaur egun erabiltzen dituzten horiek dira, erosi zituztenak.

Orain lan handia egin dute Anjelesek-eta, udaletxean gordetzen. Urte guztian giltzatuta egoten dira, eta etxera ez dira eramaten. Bezperan, udaletxeko mahai gainean prest jartzen ditu, jantzi ahal izateko. Udaletxean jantzi eta eranzten dira.

Noiz arte luzatzen zen eguna?

K.G.: Bukatzerako pixka bat berandutzen zitzaigun, hirurak aldera arte. Berriz ere udaletxean aldatzen ginen arropak bertan uzteko, eta jarraian bazkaltzera Larraitzera joaten ginen. Eta gero bakoitzak ahal zuena, Tolosara edo etxera.

Zuen artean zer moduz pasatzen zenuten? Parranda giroa izango zen nagusi, ezta?

K.G.: Dantza bai, baina parrandarekin lotuta egoten zen.

I.G.: Parranda giroa izaten zen, eta nik ez nuen inoiz egin, baina parrandatik zuzenean etortzen zirenak ere izaten ziren. Ni etxean geratzen nintzen, hurrengo egunean jaiki egin behar izaten zelako. Baina batzuk Tolosatik etorri, eta zuzenean ateratzen ziren.

K.G.: Nik hori urte batean egin nuen, eta hasieran izaten zen txispa, baina gero, bazkaltzerako, indarrak joaten ziren [barreak].

Makilak ondo astintzen zenituzten?

I.G.: Makilak zeinek azkarrago hautsi, fuerteago ematen aritzen ginen, kuriosoa izaten zen. «Nik bi makila hautsi dizkiat», «Nik hiru makil». Elkarri makilak makilaren kontra jotzen, fuerte jotzea izaten zen eta, eguna aurrera joan ahala, orduan eta indar gehiagorekin, gainera. Ondo bustita bukatzen genuen barrutik ere, zahatoa astinduz.

Zenbateko saioa izaten da egin beharrekoa?

K.G.: Motza da. Bost minutura ere ez da iritsiko.

I.G.: Orduan baserri asko ziren. Gaur egun, herrian egingo dute dantza gehiago. 30 urte hauetan baserri asko hustu dira. Eta, orduan, baserri bakoitzera, trikitia eta makilak joz iristen ginen, kalejiran. 

Kotxez ez zineten ibiltzen?

I.G.: Bai, bai. Ibilbide asko kotxez egiten genuen, baina kotxea bidegurutzean uzten genuen, eta kalejiran egiten genuen bidea. Eta, egia esan, kotxearekin astakeriak ere egiten genituen.

K.G.: Etxe sorta zegoenetan, auzora kotxez gerturatzen ginen, eta inguruko baserriak oinez egiten genituen.

Zenbat urtez atera zineten txantxo moduan?

K.G.: Ez naiz seguru gogoratzen, baina, nik uste dut, 10 bat urte inguru egingo nituela.

I.G.: Nik ere zortzi-hamar bat egingo nituen. Belaunaldia osatzean, ez zen ekipo guztia aldatzen urte batetik bestera. Zaharrenak, hau da, azken ilarakoak, erretiratzen joatean ziren, eta aurrean jende berria sartzen zen. Era naturalean egiten zen aldaketa.

Gaur egunera bitartean, beraz, ez da arazorik egon errelebo aldaketa egiteko?

K.G.: Nik uste dut era oso naturalean egiten dela. Ez dakidana da, oraingoak zenbat urtez aritzen diren. Lehen urteetan gogoarekin hasten zara, baina, urteak pasatu ahala, uzteko gogoa ere izaten da.

I.G.: Herri txiki gehienetan gertatzen dena da. 300 biztanle, belaunaldi batzuetan gazte gehiago edo gutxiago izaten dira eta, dagoenak, gazterik ez bada, ez galtzeko iraun egiten du. Prozesua naturala da, izan txantxoetan, festak antolatzeko garaian, Eguberrietan kantuan ateratzeko, edo udaletxean sartzeko. Uzten dutenek gogoarekin uzten dutela esango nuke eta, berriak direnak, normalean, gogoarekin eta ilusioarekin sartzen dira.

Zortzi-hamar urte horietan izango duzue gertaera bitxi edo anekdotarik kontatzeko.

K.G.: Bai. Ahaztu egiten dira, baina bai. Adin horretan, buruan haize dezente izaten da, eta kotxearekin istripu eta sustoren bat edo beste izanak gara. Eta, ahazten ez dena, 1992an Galesera egin genuen bidaia da. Txantxoak direla medio, aukera hori izan genuen. Orduan ez zen orain bezain erraz ateratzen kanpora, eta oso oroitzapen onak ditugu.

Nolatan iritsi zen aukera?

K.G.: Lehiaketa bat zen. Hemen ingelesa Nahera baserriko Angelak erakusten zigun, eta bere bidez izan zen. Berak kontaktu batzuk zituen han eta, bera tarteko, guk Galesera joateko aukera izan genuen.

I.G.: Nazioarteko Dantzarien Biltzarra-edo zela esango nuke. Taldea osatu genuen, eta ez naiz gogoratzen nola ordaindu genuen bidaia, baina lauzpabost egun on pasa genituen. Eta gogoan dudan bestea, telebistan atera ginenekoa izan zen. Orain ohikoagoa da, baina, garai hartan, Euskal Telebistara joatea handia zen.

Zer egin zenuten telebistan?

I.G.: Dantza egin behar genuela, eta zuzenean izango zela, eta urduri joan ginen. Gainera, gu berreskuratu genuenak ginen, baina, gurekin batera, galdu aurretik dantza eginak ziren bi aitona joan ziren. Eta oso polita izan zen. Dantza egin eta gero galderak erantzun behar genituen, eta ez genekien zer esan. Plazagizona izan behar da eta, gogoan dut, bi aitonak, adinean aurrera joanak izanagatik, oso-oso suelto aritu zirela hizketan, eta baita dantzan ere.

Urte haietan komunikabide askotan atera ginen. Gu ez ginen kotziente, baina ikuskizuna zen, antza denez.

Gaur egun zain egoten zarete?

I.G.: Gauzak asko aldatu dira [barreak]. Umeak direla, oporrak direla,... Batzuetan kanpoan eta beste batzuetan hemen izaten gara. Kepari bai, tabernan gosaria ematea tokatzen zaio.

K.G.: Bai. Ilusioa egiten du. Tristea izango litzateke ez jarraitzea. Ondorengoek ere ahalegina egiten dutela ikustea polita da, eta ea urte askoan jarraitzen duten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!