Bigarren urtez antolatu dute kultur astea Abaltzisketan

Imanol Garcia Landa 2018ko abe. 13a, 08:30

Iazko Txerri Festaren une bat. ARANTXA IRAOLA

Igandean hasi eta abenduaren 29a arte luzatuko da egitaraua; datorren astean egunero izango dira ekitaldiak.

Iaz hasitako bideari jarraipena emanez, aurten ere kultur astea antolatu dute Abaltzisketan. Igande honetan hasiko da, eta datorren astean egunero izango da ekitaldiren bat. Bukatzeko, abenduaren 29an egingo dira azken ekitaldiak. Maialen Senperena kultur asteko antolakuntza taldeko kideak azaldu duenez, «herrian saltsa gehiago sortzen da ekitaldiekin. Aurreko urtean erantzun zuten herritarrek, eta aurten ere berriro antolatzea pentsatu dugu».

Lehenengo ekitaldia, igandekoa izango da, eta zerbait ezberdina egitea pentsatu zuten antolakuntza taldekoek: «Ibilaldi bat egitea jarduera polita dela ikusi genuen», esan du Senperenak, «eta horren aitzakian pentsatu genuen Abaltzisketako mugak ezagutzea. Ea jendea animatzen den eta goiz polita pasatzen dugun».

Herriko jende guztiarentzako zerbait antolatzea nahi zuten kultur astearen barruan, eta besteak beste, asteartea Umeen Eguna izendatu dute. «Umeei dagokienez, Oteiza-Goikoara bisita antolatu dugu. Amezketa izanik, Abaltzisketatik oso gertu dago. Pentsatu genuen asko gozatuko dutela bertan».

Bi hitzaldi antolatu dituzte, horietako bat Jose Luis Korta arraun prestatzailearekin, eta bestea Aralarri buruz, Joxean Mujika arkeologoa eta historian doktorearekin. Datorren ostegunean pintxo poteoa egingo dute eta trikitilariak ariko dira giroa alaitzen.

San Tomas egunean, Txalburu eskolako ikasleek hamaiketakoa eskaini eta beraiek sortu duten egutegia banatuko dute. «Argazki zaharrak eskatu dituzte eta horiekin egin dute datorren urteko egutegia», esan du Senperenak. Gau horretan bertso zaharren afaria egingo da, Eñaut eta Unai Agirre anaiekin. Txartelak eskuratzeko Larraitz-Gain jatetxera joan behar da, eta horretarako azken eguna abenduaren 16a izango da.

Kultur asteak atsedena hartuko du, eta abenduaren 29an itzuliko da Txerri Festarekin eta mus txapelketarekin. Bertsolariek girotuko dute Txerri Festa, eta udalak txerrikiak erre eta banatuko ditu.

ARGAZKI LEHIAKETA

Kultur astearen barruan antolatutako beste ekintzetako bat argazki lehiaketa da. Gaia Abaltzisketa herria bera da, argazkiak abaltzisketa_argazkiak@hotmail.com helbidera bidali behar dira, eta horretarako azken eguna abenduaren 21a izango da.

«Batez ere herritarrei zuzendutako lehiaketa da», esan du Senperenak. Epaimahaia zehaztuko dute eta sari bat banatuko da, oraindik ez dena guztiz erabaki zer izango den.

EGITARAUA

Abenduak 16, igandea

09:00. Adin guztientzako mendi ibilaldia, plazatik abiatuta, herriko mugak ezagutzeko.

Abenduak 17, astelehena

Umeen Eguna

12:00. Amezketako Oteiza-Goikoa artegira eta gaztandegira bisita.

Abenduak 18, asteartea

20:00. Jose Luis Kortarekin solasaldia, Goibegi eraikinean.

Abenduak 19, asteazkena

20:00. Aralarri buruzko hitzaldia Joxean Mujika arkeologo eta historian doktorearen eskutik, Goibegi eraikinean.

Abenduak 20, osteguna

19:00. Pintxo poteoa herriko bi tabernetan eta Larrunarri elkartean.

Abenduak 21, ostirala

11:00. Txalburu eskolak eskainitako hamaiketakoa eta egutegien banaketa herriko plazan.

20:30. Bertso zaharren afaria Eñaut eta Unai Agirrerekin, Larraitz-Gain jatetxean.

Abenduak 29, larunbata

11:00. Txerri Festa, bertso doinuez alaiturik.

16:00. Eguberrietako mus txapelketa Larrunarri elkartean. Bikotean batek gutxienez herrikoa izan behar du. Izen ematea 15:30etik hasita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!