Ostatu eta eskola aurreko gunea berritzea, inbertsio nagusiena

Imanol Garcia Landa 2018ko abe. 5a, 09:00
Ostatuaren eta eskolaren aurrealdea berritu dute.

Gai ugariren berri eman zuten joan den asteko Abaltzisketako azken herri batzarrean, tartean Ñañarri etxearen proiektuaren egoera. Badira eskuartean dituzten proiektu gehiago ere.

Aurreko astean herri batzarra egin zuten Abaltzisketan, eta bertan herrian lantzen ari diren hainbat gairen berri eman zuten. Jon Zubizarreta alkateak garrantzia eman die bilera horiei: «Gustatzen zaigu herri bilerak egitea, urtean bizpahiru aldiz egiten ditugu esku artean ditugun gaien berri emateko. Jendeak ondo erantzuten du: badago bloke garrantzitsu bat beti erantzuten duena eta herrian dauden jarduera guztiak interesatzen zaizkiona».

Lehenengo puntua aurten egin den inbertsioa handienaren berri ematea izan zen. Eskola eta ostatuaren aurreko terraza berritu dute. Batetik, estalpea egin dute, bai ostatuaren bezeroentzat eta baita eskolako atearen sarreraren parerako ere. Horrez gain, eskolako umeentzako gune bat egokitu dute eta gainerakoa ostatuko terraza bezala erabiliko dute. «Aurrekontuak hasieratik zuen kopurua igo egin da. Behin lanak hasi direnean, eta herritarrek emandako iritzietan oinarrituta, aurreikusi gabe zeuden eskailera batzuk egin baititugu. Gustura geratu gara emaitzarekin», esan du Zubizarretak. Denera 78.000 euroko kostua izan du, eta %45a Eusko Jaurlaritzako Leader programak lagunduta izan da.

Beste inbertsioetako bat herri bideak konpontzeko egin dute, legealdian zehar Gipuzkoako Foru Aldundiak eman dituen laguntzak baliatuz. Aurten beste bi egokitu dituzte: Nahera eta Sasiain aldeko bigarren zatia eta Arrupera doana. %70eko diru laguntza izan dute eta guztira aurrekontua 35.000 eurokoa izan da.

Traktore handien ibileren inguruan hitz egin zuten ere herri batzarrean. Orain bi legealdi inguru ordenantza bat osatu zen baserri bideen erabileraren inguruan, besteak beste, basoa ateratzerakoan sortu daitezkeen kalteei begira. Ordenantzaz gain, eztabaidarako beste puntu bat ere izan zen egun, askoz ere pisu handiagoa duten traktoreak ibiltzen direla bideetatik. «Guk planteatu genuena izan zen gaiari buruz ulertzen dutenak baserritarrak, kamioiarekin ibiltzen direnak, eta bideetan ibiltzen direnak direla, eta komenigarria litzatekeela udalean horien iritziak edo beste herrietan zer egiten den dakitenek jasotzea», zehaztu du alkateak.

ÑAÑARRI, EBAZPENEN ZAIN

Larraitzen dagoen Ñañarri eraikina izan zen beste gaietako bat. Urteak dira udala horretan ari dela. «Aurten azkenean proiektua egokitu dugu behe solairua jatetxe-taberna bezala jartzeko eta goiko solairuan zortzi logelako hotel koskor bat jartzeko», esan du Zubizarretak. Dagoeneko hitzarmena dute zerbitzua kudeatuko duen taldearekin. Udalak aurkeztu du obra zibila diru laguntzetara, eta talde horrek altzarientzako eta barruko azpiegiturentzako aurkeztu du. «Oraindik ez dira Leader diru laguntzen aurtengo ebazpena atera, baina hitzez esan zaigu ondo lagunduta dagoela bai udalaren eta bai kudeatzaileen diru laguntza eskaerak», esan du Zubizarretak. Horrez gain, Gipuzkoako Aldundiaren aldetik jarduera ekonomikoak eta lanpostuen sorrerentzako diru laguntzak jasotzeko aukera dituzte datorren urtera begira.

Etxebizitzen gaiari ere heldu zioten herri batzarrean. «Eremu bateko jabeekin hitzezko akordio bat badugu, eta orain ea forma ematen diogun hitzarmenari eta paper guztiak zuzentzen ditugun», esan du Zubizarretak. Eremu horren jabeen aldetik eta udalaren aldetik jarrera ona dagoela esan du alkateak eta udaberrirako espero du gai izatea hitzarmena gauzatzeko.

Bestalde, guifi.net bitartez wifi bidezko konexio publikoa jarriko da Goibegin eta plazan. «Ia sare guztia osatuta dago eskualdean, eta esan zaigunez modua izango da aurtengo Gabonetako martxan egoteko. Doako zerbitzu bat da», esan du alkateak.

Saneamenduaren gaia ere izan zuten mahai gainean. «Iaz lanketa bat egin genuen ur zikinen egoera zein den aztertzeko», esan du Zubizarretak. Herriguneko etxe gehienak sare nagusi batera bideratuta daude, eta baserri batzuk eta landaguneko etxe batzuk badituzte fosa septikoak, baina beste herrietan bezala, hainbat egoera irregular batean daude. «Ustekabean Gipuzkoako Aldunditik esan ziguten erabaki dela Larraizko ur zikinen egoera zuzentzea. Orain proiektua erredaktatzen ari dira eta guk ekarpenak egin nahi izan ditugu, eta bideratu nahi izan ditugu Larraiztik herrigunera bitartean dauden etxe eta baserri guztiak», zehaztu du Zubizarretak.

Kale antolamendua ere hizpide izan zuten batzarrean. Historikoki herriak izan du enparantza ingurua, eliza eta udaletxearen artekoa, baina herria hazi zenean, azpialdean kale bat ireki zen eta gainaldean beste bat. «Ez zitzaigun okurritu, kale horiei izenak jartzea eta behar bezala antolatzea», esan du alkateak. Etxe berriak egitean zenbaki berri bat eman izan zaio, eta gertatu da punta batean hamargarren zenbakia izatea eta bestean hamaikagarrena. «Banatzaileek eta postariak nahiko galduta ibiltzen dira», esan du alkateak, «eta, beraz, kaleei izenak eman nahi dizkiogu eta atariak antolatu».

Beste puntuetako bat hondakinak biltzeko lekuaren aldaketa izan da. Lehen frontoiaren albo batean zeuden, eta orain Andresenea etxearen atzean daude kokatuta. «Momentuz leku hobea dela esan dute herritarrek, eta lehen baino txukunago ari garela ere ikusten dugu. Beraz, positiboa izan da aldaketa», esan du Zubizarretak.

Bestalde, gizarte zerbitzuen lege berria dela eta aldaketa garrantzitsuak datozela azaldu du Zubizarretak: «Konpetentzi batzuk Eusko Jaurlaritzarenak izango dira, beste batzuk Gipuzkoako Aldundiarenak eta beste batzuk udalarenak. Udal txiki eta ertainak momentuz ez gara gai zerbitzu horiek emateko». Horren aurrean ideietako bat hondakinen mankomunitateko estatutuak aldatu eta gizarte zerbitzuak mankomunitatean txertatzea da. Zubizarretak dioenez, «ez zaigu gustatzen mankomunitateak hartuko lukeen tamaina, eta gai horri buelta bat gehiago eman behar zaiola uste dugu».

Beste gaietako bat Enirio-Aralar Mankomunitatearen ingurukoa izan zen. «Aurten Eniriotik Doniturrietara doan bidearen lanak bukatzear daudela eta bide hori dela-eta mankomunitatean alde bozkatu genuela azaldu genuen. Herri ordezkarien aurka salaketa jarri dela ere esan genuen», esan du Zubizarretak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!