Abaltzisketako eskola eta ostatuaren kanpoaldean obrak hasiko dituzte aurki

Imanol Garcia Landa 2018ko uzt. 4a, 10:00
Ostatuaren eta eskolaren kanpoaldean berrikuntzak egingo dira.

Estalki bat jarriko da, eta belargunea txukuntzeaz gain, eremuaren harresia berrituko da.

Abaltzisketako Txalburu eskolaren eta Ostatuaren kanpoaldean obrak hastear daude. Europako Leader diru laguntzak jaso dituzte eta aurrekontua 60.000 euro ingurukoa da. Ostatuaren kasuan estalitako terraza moduko bat jarriko da. Kanpoan dauden berdeguneak txukundu eta eremuaren harresia berrituko da. Eskolaren aldean ere, estalitako gune horretaz gain, haur txikientzako patio moduko bat atonduko da, eta bertan jolas batzuk jarriko dituzte.

2018. urtean gauzatu behar diren inbertsioak direla azaldu du Jon Zubizarreta alkateak. «Aprobetxatuta eskola oporretara doala, eta, bestetik, ostatua itxi egingo dela egun batzuez, obrako lanak kontzentratu egingo dira. Gero, Ostatua irekita egon arren, kanpoko lana denez, uztailean zehar espero dute bukatuta egotea», zehaztu du Zubizarretak. Bestalde, eskolaren barruan lantxo batzuk egingo dira, eta Ostatuko zenbait tresneria berrituko dira.

Herrian beste zenbait proiektu ere badituzte mahai gainean. Esaterako, Ñañarri etxean jatetxea eta logelak martxan jartzeko proiektua Leader diru laguntzatara aurkeztuta dute.

Bestalde, alkateak nabarmendu du baserri bideak berritzeko egiten den inbertsioa: «Urtero, aldundiaren laguntzarekin egiten dugu, eta aurten beste 35.000 euro inbertituko dira. Guretzako garrantzitsua da herrigunea eta baita baserri gunea zerbitzuz hornituta izatea, denon beharra dugulako». Aurten Nahera aldera, Sasiain auzoan, bigarren zatia berrituko da. Eta beste bidea Arrupe inguruko zati bat izango da.

ETXEBIZITZAK, ESKARIPEAN

«Abaltzisketak haur kopuru handi bat izan du eta orain ikusten ari gara kopurua gutxitzen ari dela», esan du Zubizarretak. «Horri erantzun bat emateko orduan mahai gainean jartzen den gaietako bat da etxebizitza falta dagoela». Gaur egun herritarrengandik eskaririk ez dagoela gaineratu du. Auzoetan jaio direnak inguru horretan edo baserriak moldatuz bizi nahi dutela azaldu du Zubizarretak: «Hori logikoa da alde batetik, eta behar dugu jende hori ere, auzoguneak zainduko dituenak eta baserrira dedikatuko direnak».

Herriguneari dagokionez, etxebizitzak egiteko udalak lehenbizi lurra bereganatu beharko luke, eta gero arauetan aldaketak egin. «Egin ditugun herri bileretan oso garbi geratu dena da ez dela nahi herria hazteagatik haztea, hau da, etxebizitzak egin eta jendea etortzea», esan du alkateak. «Nahi duguna da herriko gazteentzako eta eskaeraren arabera etxeak egitea. Azkenean herrian geratu nahi duen gazteari irtenbidea ematea. Eta hori oraindik eta zailagoa da». Hain justu, udaletik garbi dute etxebizitzak ez dituztela nahi negozioa egiteko, baizik «herritarrentzako ahal den merkeena izatea nahi dugu». Buru-belarri horretan daudela dio, eta legealdi honetan ez duela denborarik emango, baina hurrengorako saiatuko direla bideratuta uzten.

Abaltzisketan herri izaera ez galtzeari garrantzia ematen diotela azaldu du alkateak: «Bertako jendea geratzen den unetik ahalbidetzen duzu euskara mantentzea, bertako ohiturak eta tradizioak errespetatzea, eta herriko izaera hori ez galtzea. Eta guretzako helburu nagusietako bat herriak bere izaera mantentzea da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!