Abeltzainen lana goraipatu dute Larre Irekiera Festan

Tolosaldeko Ataria 2018ko mai. 1a, 17:02

Iker Sukia artzain gazteak zabaldu du langa irekiera ekitaldian; urrira bitarte, 19.000 abelbururentzat zabaldu dituzte Enirio-Aralar Mankomunitateko belardietako.

Jai giroa izan da gaur Larraitzen. Aralarko Larre Irekiera Festa egin dute. Enirio-Aralar Mankomunitateko belardi eta larreak irekitzeko urtero egiten duten festa. Urrira bitarte, 19.000 abelburu elikatuko dira bertan. Horietatik gehienak, 17.400, ardiak izango dira; 1.000, behiak eta behorrak, 720.


Zerura begira hasi dute eguna Larraitzen bildu diren ehunka lagunek. Tantaren bat edo beste bota badu ere, gehienean ateri joan da, eta eguerdian giro polita sortu da. Artisau postuak, gazta eta bestelako elikagaiak, eta pintxoak ere izan dira Larraitzen. Abaltzisketatik autobusa jarri dute joan etorrian, gelditu gabe. Larraitzen autoa uzteko aukera goizean amaitu baita.


Giltza ematea
Ekitaldi nagusia eguerdian izan da, abereak mendira askatu dituztenean. Aurrez langa irekiera egin dute, Iker Sukia artzainaren eskutik. Izan ere, mankomunitateko kideek gazteari eman dizkiote giltzak. Giltza ematean erakunde publikoetako ordezkariek eta abeltzainek hainbat konpromiso hartu dituzte. Administrazioen izenean Joxe Migel Santamaria Enirio-Aralar Mankomunitateko lehendakariak eta Arantxa Ariztimuño Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendi eta Natura Inguruneko zuzendaria igo dira oholtzara. Hauekin batera mankomunitateko udal herrietako ordezkariak eta sindikatuetako kideak zeuden. Guztiek, erakundeen eta gizartearen izenean aitortza egin diete artzain eta abeltzainei, eta «mendiko larreen aprobetxamendu eta kudeaketan» jarraitzeko eskatu diete.


Abeltzainen izenean berriz, Iker Sukia artzain gazteak hitz egin du: «Giltza honekin mendiko larreetako langa ireki eta gure abereak bertara igoko ditugu. Gure lana gure ogibide eginez, zuentzako kutixizko jakiak sortuko ditugu eta larre eremuak denon gozamenerako mantenduko ditugu» esan du.


Oholtzako ekitaldiaren ondoren, langara gerturatu dira agintari eta abeltzainak. Bertan, esandakoa bete du Sukiak, giltza jaso berriekin langa zabalduz. Kandadua ireki ondoren suziria bota du, eta behi, behor eta ardi talde bana igo dira Aralarko larreetara, larreen irekiera sinbolikoki irudikatuz.


Paisaiaren artisauak
Arantxa Ariztimuño Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendi eta Natura Inguruneko zuzendariak esker oneko hitzak izan ditu abeltzainentzat ekitaldia amaitu ondoren, Larre Irekiera Festaren balantzea egiterakoan: «Larraizko festa tradiziozko festa bat da, bertako larre irekiera irudikatzen duena. Administrazio bezala iaz beste proiekzio bat ematen hasi ginen. Denok dakigu abeltzainen lanari esker mantentzen direla larre hauek. Guk gizarte bezala gozatzen ditugun paisaia hauen nolabaiteko artisauak beraiek dira. Gure iritziz garrantzitsua da hori Gipuzkoako gizarteak jakitea, eta errekonozimendu hori publiko egin nahi diegu. Aitortza horrekin batera, administrazio bezala, helarazi nahi dugu guk bakarrik ezin ditugula mendi hauek mantendu, eta beraien beharra daukagula; gizaldiz gizaldi behar izan ditugun bezala, aurrerantzean ere beharko ditugulako».


Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritzak astelehenean argitaratutako txostenaren inguruan, ondorengoa adierazi du Ariztimuñok: «Aralarren pista hori egiteko bere garaian ingurumen ebaluazioa bat egitea erabaki zen. Ingurumen ebaluazio horrek bere prozedura dauka. Prozedura horrek Ingurumen Zuzendaritzaren txostena eskatzen du, eta txosten horrek esaten du prozedurarekin jarraitu egin behar dela. Ingurumen Zuzendaritzak ematen dizkigun irizpideen baitan landuko dira txostenak, eta pista hori irizpide horiek jarraituz egingo da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!