Aralarko Larre Irekiera Festak Larraitz hartuko du 21.ez

Imanol Garcia Landa 2018ko api. 26a, 09:45

Ia 19.000 abelburu larreratuko dira, horietatik 17.000 ardi, mila behi eta 700dik gora behor.

Aralarko Larre Irekiera Festa egingo da 21. aldiz Abaltzisketako Larraitz auzoan, maiatzaren 1ean, datorren asteartean. Aurten ia 19.000 buru larreratuko dira, horietatik 17.000 inguru ardiak, mila behi eta 700dik gora behor. «Behi kopurua igotzen ari da, eta zerbait gutxitzen ardiena», azaldu du Joxe Antonio Irastortza Enirio-Aralar Mankomunitateko basozainak.

Larreen egoerari buruz Irastortzak azaldu duenez, «32 urte badaramatzat langintza honetan, eta hain berandu belarra sortzen ez dut ikusi». Azken egunetan egindako beroek egoera dezente konpondu dutela gaineratu du: «Zenbait gune goxoetan eta txaboletatik hurbil, leku horietan jana hasi da». Gero, uda nola joaten den kontuan izan behar dela esan du basozainak: «Aurreko hiru urteak oso onak izan dira, udan zehar euri dezente egin du eta horrek ikaragarri balio du leku horietan».

Larre Irekiera Festari dagokionez, gogora ekarri du Irastortzak eguna nola hasi zen ospatzen: «Nahikoa lana eman zigun kontua izan zen mendiari hiru bat hilabeteko atsedena ematea lortzea, eta hori ospatzea eta horri zentzua ematea izan zen eguna antolatzen hastearena». Festa egun osoz luzatzen da, baina goizean izaten da mugimendu handiena, eta, besteak beste, hainbat postu izaten dira. Jakiak saltzen dituztenak gero eta eskari gehiago egiten dituztela dio Irastortzak. Bestalde, hainbat artisautza produktu izango dira salgai. Berritasun moduan, txapelak egiten ariko da artisau bat.

Aurten ere ekitaldia egingo dute iaz egin zen moduan. Bertan erakundeetako ordezkariek ere parte hartuko dute, eta ekitaldiarekin larreen kontserbazioa balioan jarri nahi da. Abeltzain bati ere omenaldia egingo zaio, eta gero une sinbolikoa izango da, Langaren Giltza eskualdatuz eta langa irekiz.

Ekitaldiaren ondoren, herri kirol saioak ikusmina sortuko du, orain gutxi Tolosako zezen plazan egindako apustuan izan ziren bi aizkolariak elkartuko baitira: Iker Vicente eta Arria V.a. «Horrelako erakustaldietan ere seguru irabaztea gustatzen zaiela, eta ahalegina egingo dute hori lortzeko, eta ikuskizuna emango dute lan horretan», esan du Irastortzak. Mikel Mendizabal eta Bixente Gorostidi bertsolariak ere ariko dira, eta ziurrenik aizkolariek eginbeharreko lanen artean abestuko dute. Bestalde, Joxe Ignazio Barberia abeslariak ere saioa eskainiko du.

Arratsalderako erromeria izango da, Larraizko Trikitixaren eskutik, Jesus Mujika eta Aitzol trikitilariekin. Arratsalde partean ere postu batzuk oraindik egongo direla dio Irastortzak, urrutiagotik etortzen direnak batez ere.

EGITARAUA

10:00. Postuen irekiera eta trikitilariak festa gunean zehar. Abere erakusketa ere izango da.

11:30. Mendiko larreen irekiera eta hauen kontserbazioa balioan jartzea, administrazioa eta abeltzainen arteko konpromiso ekitaldia, Langako Giltza esku aldatzea, eta abeltzain bati omenaldia. Ondoren, suziri jaurtitzea.

Ondoren. Aizkolariak: Iker Vicente eta 'Arria V.a'. Bertsolariak: Mikel Mendizabal eta Bixente Gorostidi. Abeslaria: Jose Ignazio Barberia.

17:30. Larraizko Trikitixaren eskutik, erromeria, Larraizko ermitaren plazan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!