Txantxoak berreskuratzetik, bisita ilusioz jasotzera

Imanol Garcia Landa 2018ko ots. 6a, 10:05

Abaltzisketako txantxoek etenaldiak izan dituzte, baina azken 30 urte inguruan ohiturak bizirik dirau. Berreskurapen horretan bere lekua izan zuten Angeles Iztuetak eta Joxe Ramon Mujikak. Lehenengoak jantzien ardura izanik, bigarrenak dantzari moduan. Egun «ilusioz» bizi dute txantxoen bisita.

Bientzako berezia da ohitura. «Garai bateko ohitura da, ez dakiguna noiztik datorren, eta horri jarraitu diogu. Guretzako berezia da», esan du Iztuetak. Bere bizipenen parte bat dela dio Mujikak: «Urte batzuetan ibili nintzen, zortzi inguru; oroitzapen onak ditut eta ohitura polita da niretzako».

Goizean goiz udaletxera joan eta txantxoei janzten laguntzea Iztuetaren lana izaten zen: gerrikoa, gorbata, zapiak behar bezala jarri… Larunbat arratsaldetan arropak uzten zituen prestatuta eta igande goizean dantzari bakoitzari bereak egoki janzten laguntzen zien. Arropak udaletxean geratzen ziren, gero Iztuetak errepasoa ematen zien eta ikusi ondo zeuden edota zerbait konpondu behar zen. Egun ere konponketaren bat egin behar bada, txapeletan batez ere, tartean aritzen da.

Besteak beste, Jose Luis Zubeldiak bultzatuta berreskuratu zen 90ko hamarkadaren hasieran txantxoen ohitura, eta bere egitekoa izan zen dantzariei dantza erakustea. Iztueta eta beste batzuen artean arroparen gaia berreskuratu zuten, herriko adinekoei galdetuz eta argazki zaharrei begiratuz. «Dakigunez lehen garai batean mahonezko prakekin-eta ateratzen ziren, baina 1930. urtetik aurrera jarri ziren galtza eta alkandora zuriz, denak berdin jantzita», azaldu du Iztuetak. Txantxotan jantziak bere garrantzia duela gaineratu du Mujikak: «Janzkera berezia eta polita du, eta Angelesi esker nahiko txukun ateratzen ginen. Gure esku izango balitz hori ez dakit nola aterako ginen. Niretzako dantzak adina garrantzia du jantziak».

20 urte ingururekin hasi zen Mujika txantxotan: «Batzuetan aurretik nahikoa parranda eginda, eta gero eguna luze egiten zen». Elkarrekin ondo pasatzen zutela dio, eta ikusten zuten jendeak «gustura» hartzen zituela, «eta hori ere polita da». Iztuetak baieztatu du parranda eginda azaltzen zirela dantzariak: «Batzuk ohetik jaiki ezinik izaten ziren, besteak gaupasa eginda zuzenean azaldu… Baina ondo moldatzen ziren, polita izaten zen giroa».

Inauteri igandean egiten dute egun bere jarduna txantxoek. Zazpiak aldera elkartu eta prestatu ondoren ibilbide jakin bat egiten dute. Hamaiketakoa egiteko ere ordu jakin bat izaten dute, indarrak hartu eta meza nagusitik jendea ateratzen den unea harrapatzeko.

Gaur egun beste ikuspuntu batetik jarraitzen dute Iztuetak eta Mujikak herriko ohitura hori. Mujikak ilusioz espero ditu txantxoak, tartean gainera seme batek parte hartzen duelako: «Ondorengo batek jarraitzeak ilusioa egiten dit. Seme gazteago bat ere badut, eta gustatuko litzaidake hark ere jarraitzea. Abaltzisketar bezala txantxoetatik pasatzea gauza polita iruditzen zait».

Iztuetak bere baserrian itxaroten die. «Ezin dugu inora joan, deskuiduan alde egin behar baduzu, gero gogoratu egiten dizute. 12:30ak aldera pasatzen dira eta itxaroten egoten naiz, ilusioz gainera». Hamar urte inguru badira utzi zuela bere zeregina Iztuetak, baina, noski, txantxoak baserrira joaten direnean begiratzen die nola jantzita dauden, eta ondo konpontzen direla dio.

Osasuntsu ikusten dute herrian txantxoen ohitura. «Atzetik datorren jende asko ikusten da, eta ohiturarekin jarraitzeko gogoa dagoela», esan du Mujikak. Iztuetak ere ikusten du haur asko dagoela eta urte batzuetan jarraitzeko aukera izango dela. Egun dantzari guztiak mutilak dira. Agian, etorkizunean, neskek ere parte hartzen dute dantzan. Iztuetak bere aldetik ondo ikusten du aukera hori, eta Mujikak ez du uste arazorik izango litzatekeenik neskak ere dantzari hasiko balira: «Dantzak ere egokitzen jakin behar dira garaietara». Musikariei dagokionez, lehen denak mutilak izaten ziren, eta egun neska bat aritzen da soinuarekin. «Aldaketak egin behar badira, egiten dira», esan du Iztuetak.

Abaltzisketan inauterietan izaten den ekitaldia txantxoen ohitura izaten da. Mozorroen festan parte hartzeko edo ikusteko ohikoena Tolosara joatea da, eta horrela egiten dute Iztuetak eta Mujikak. Hori bai, aurretik herrian izaten dira, txantxoen bisita jasoz eta ohitura horretan izandako bizipenak gogoratuz.


EGITARAUA

OTSAILAK 11, IGANDEA

08:00. Baserrietatik barrena hasiko dute ibilbidea.

11:00-11:30. Abaltzisketako herrigunera iritsiko dira. Udaletxean eta etxeetan dantzatu ostean, baserrietako bideari helduko diote.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!