Ñañarri jatetxe-ostatua aurrera ateratzea da aurtengo erronka

Imanol Garcia Landa 2018ko ots. 1a, 09:40

Gaur egun hondakinen bilketa gunea frontoiaren ondoan dago.

Abaltzisketako Udalak beste zenbait gai nagusi ditu mahai gainean: herri ostatuaren eta eskolaren ataria berritzea, etxebizitzak eta hondakinak.

Aurtengorako hainbat proiektu ditu Abaltzisketako Udalak mahai gainean. Batetik, Ñañarri jatetxe-ostatua berriro martxan jartzea. Bestetik, herriko ostatua eta eskolaren atariaren berrikuntza. Eta beste bi gai nagusi, etxebizitzak eta hondakinak, bideratu nahi dituzte.

Abenduan onartu zuten aurtengorako udal aurrekontua, eta 400.000 euro ingurukoa da. Kopuru horretan mugitu ohi da azken urteotan, eta jaso ditzaketen diru laguntzen arabera handitu egiten da. Abaltzisketa zorrik gabeko udala dela esan du Jon Zubizarreta alkateak, eta azken hiru-lau urteetan sarrerak handiagoak direla gastuak baino. «Bi gai potolo ditugunez etorkizunera begira, haientzako dirua gordetzen ari gara», esan du Zubizarretak. «Garen herria izanik, nahiko gerakin gizena dugu».

Gai nagusia Larraizko Ñañarri taberna, jatetxe eta ostatua da. «Azken urteotan aurrera aterako dugula ez dugula gabiltza, eta nahi duguna da behingoz ateratzea, eta nik aurreikusten dut aurten ateratzeko modua izango dugula. Aurtengo erronka izango da hori», zehaztu du alkateak. Formula «nahiko konplikatua» dela gaineratu du: «Udalak aurkezten du obraren zati bat eta sustatzaileak hornikuntzaren atala. Horrelako formulak bilatzen ari gara, udalak dena bere gain hartu gabe».

Zerbitzuei dagokionez, finkatuta dago taberna, jatetxea eta logela batzuk izango dituela. «Exekuzio proiektua egitera goaz, eta udalak obra zibila aurkeztuko du diru laguntzetara eta sustatzaileak hornikuntzarena». Hornikuntzak bere barne hartzen ditu tabernarako, jatetxerako zein logelatarako behar direnak. «Gauza asko baditu, tartean batzuk matxuratuta daudenak eta horiek aldatu beharko ditu sustatzaileak», esan du Zubizarretak.

Sustatzailearen aukeraketa berriz egin beharra dauka udalak, baina badago dagoeneko interesa agertu nuen norbait. Garbi dutena da proiektua martxan jartzeko kanpoko finantziazioa behar dutela. «Derrigorrezkoa da Leader diru laguntza jasotzea. Udalak bere funtsak baditu, sustatzailea ere bere zatia jartzeko prest dago, eta aldundiarekin hitz egitera ere joan beharko dugu», zehaztu du Zubizarretak. Orain otsailean aterako dira Leader diru laguntzak, eta proiektua horra aurkeztuko dute.

ESTALPEA ETA ZORUA ALDATZEA

Aurten egin nahi den beste inbertsio bat herriko ostatuaren eta eskolaren aurrea biziberritzea da. Azkeneko herri batzarretan zein bestela ere jende ugarik egindako eskaera dela azaldu du Zubizarretak, eta udaletik ere eraberritze horren beharra ikusi dutela. Batetik, estalpe bat egingo da, bai ostatuari bai eskolari balioko diona. Bertan dagoen jolas parkea berritu egingo da eta baita zorua ere. «Leku askotan lurra dago, lokaztu egiten da eta gero lokatz hori eraikinaren barrura ere eramaten da», esan du alkateak. Horrez gain, atariaren petrilak hormigoiz eginda daude, eta horri bukaera bat eman nahi diote.

Etxebizitzen gaia ere azken urteotan mahai gainean du udalak. «Gure herriaren helburu nagusietako bat da herriko gazteak bertan geratzea», esan du Zubizarretak. Inkesta egin izan dute, eta auzoetan bizi direnak bere auzoan geratzea nahi duela erantzun du. «Alde horretatik badaude jaiotako etxebizitza moldatu eta bere etxebizitza egiten ari direnak», esan du Zubizarretak.

Herrigunean gaur egun udalak ez du lurrik etxebizitzak egiteko, eta hiru aukera ezberdin ditu horretarako. Horietako bat gaur egun nekazaritzarako erabiltzen da, eta hori azken aukera moduan dute. «Beste biak lur pribatuak dira eta horiekin ari gara saiatzen negoziatzen», esan du alkateak. Gai horrek bere denbora hartuko duela gaineratu du: «Akatsik egin ezin den kontu bat da. Batetik, diru kontu handiak direlako. Eta gero, herri baten etorkizunarekin jokatzen ari zarelako. Ea posible dugun legealdi honetan gaia bideratu eta hurrengoan heltzeko modua izatea».

Hondakinen gaia ere aspaldidanik dago udalaren agendan. «Kexak izaten ditugu biltzera etortzen diren kamioilarien aldetik, bilketa puntua dagoen lekura askotan sartu ezinik ibiltzen direlako autoak gaizki aparkatuta egoten direlako», esan du Zubizarretak. Horren aurrean, lekuz aldatuko dute hondakinen bilketa puntua, egun frontoiaren alde batean dagoena.

Bestalde, bilketa sistema ere aldatu egingo dute. Egun irekita dago, eta orain asmoa da «dezente zorroztea. Orain arte nahiko irekita izan dugu, baina ikusten dugu ez dugula ikasten», esan du alkateak. Abaltzisketakoa gastu handirik ez duen udala dela dio, «oso ondo egituratuta» dagoena. «Azkeneko urteetan, baina, odol jarioa daukagu zaborrarekin. Hilero bi mila euro pasako fakturak etortzen zaizkigu. Batetik ez zaigu gustatzen Mankomunitateak ematen digun zerbitzua, eta hori beti esan izan dut. Bestetik, guk ez dugu jakin herrian irtenbide bat ematen». Hori horrela, edukiontziak itxita jartzeko asmoa dute, eta pare bat bilera egingo dituzte herritarrekin udaletik dituzten asmoak azaltzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!