Logikaline enpresak boliviarren bisita jaso du

Tolosaldeko Ataria 2017ko mai. 25a, 13:26

Boliviako Cruceros bailarako hamaika udaletako alkate eta zinegotziak izan dira, eta horien buru Sergio Salazar, Santa Cruzeko Gobernuko ordezkaria, Abaltzisketako Logikaline enpresa bisitatzen. Eusko Jaurlaritza, Hazi Fundazioaren bidez, eta Getxoko Zabalketa GKE izan dira ekimena bultzatu dutenak.

Abaltzisketan, Jon Zubizarreta alkatearen laguntza izan dute. Euskal Herriko herri txikietako hainbat enpresa ikusi dituzte boliviarrek, hemengo lan egiteko era ezagutzeko helburuarekin.
     
Asmo horrekin izan berri dira Abaltzisketan, eta Logikalineko instalazioak ikusi dituzte hasteko, bertako arduradunen gidaritzapean. Barruko instalazioak bisitatu ostean, Logikalineren inguruko informazioa eta historia batzen zuen bideoa ikusi dute.
     
"Ikaragarri gustatu zait proiektu hau. Egia esan liluratuta geratu naiz. Logikalinek erakutsi du aurrerapenak lortu eta enpresa handiei erabateko zerbitzua eman daitekeela herri txiki batetik. Benetan pozgarria eta harrigarria iruditu zait", esan du saioaren amaieran Sergio Salazarrek, Santa Cruzeko Gobernuko ordezkariak.

Salazarren ustez, inguruneak eta Logikalineren lanerako baldintzak ere "ikaragarri" gustatu omen zaizkio: "Honelako ingurune natural batean lan egitea bikaina da. Animalia eta mendi artean honelako aurrerapenak dituen enpresa bat izatea ederra da. Gainera, bertako langileak nola zaintzen dituzten ikustea, benetan oso pozgarria da. Honekin garbi geratzen da herri txikiak eta aurrerapenak batera joan daitezkeela".

Beraien lurralderako ere oso baliagarria izan daitekeela onartu du Salazarrek: "Teknologiaren aldetik ez gaude horren aurreratuak, eta hor badago arazo bat, baina hori ere landu beharreko zerbait da. Euskal Herrirako bisita honetan herri txikietan zer egin daiteken ikusi eta ikasi nahi genuen, eta Logikalinerena eredugarria da, dudarik gabe".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!