Aralarko Larre Irekieraren 20. Eguna ospatuko dute

Imanol Garcia Landa 2017ko api. 28a, 11:19
Iaz eguraldi txarra egin zuen Larraitzen. ANDONI UZKUDUN

Ia 19.000 abelburu igoko dira Aralarko larreetara astelehenetik aurrera.

Beste behin, eta 20.ena izango da, Abaltzisketako Larraitz auzoan Aralarko Larreen Irekiera festa ospatuko da maiatzaren 1ean. Ohi denez, jendetza biltzen da bertan, eta eguraldia lagun, horrela izango da aurten ere. Joxe Antonio Irastortza Enirio-Aralar Mankomunitateko basozainak azaldu duenez, «aurreko bi urteetan ez dugu zorte handirik izan, ea aurten eguraldi hobea egiten duen».

Azken urteotako antzeko egitaraua izango du aurten ere festak, Larraizko aparkalekuan. Goizean goizetik hainbat postu izango dira, bertako elikagaiak zein artisautza salduz. Abere erakusketa ere izango da goizean zehar. Bestalde, zaldi doma erakustaldia, ardi mozketa erakustaldia, bertsolariak, kantariak, trikitilariak ere izango dira. Hori dena goizean, eta gero arratsaldean, Larraitz ermitaren inguruan erromeria egingo da. Une bereziena eguerdian izango da, hainbat abere igoko direlarik Larraiztik Aralarko larreetara.

Ez dira, noski, Larraiztik igotzen Aralarrera larreratuko diren abere guztiak astelehenean. Izan ere, guztira ia 19.000 abelburu izango dira Aralarko larreetan. Ardi kopurua zerbait jaisten ari da urtetik urtera, eta aurten 17.000 inguru izango dira. Behor eta behi kopuruak igo egin dira zerbait; aurtengorako 900 behi pasa eta ia 800 behor larreratuko dira. Urtarrilaren 31 arte egon daiteke Aralarren ganadua, baina praktika beste bat da. «Urriaren azken bi asteetan ardi ia denak jaisten dira», esan du Irastortzak. «Behiekin ere antzekoa izaten da, eta behorren larreratzea eguraldiaren arabera zerbait luzatu daiteke, baina horiek ere epe horretatik asko luzatu gabe, gehienak behera jaisten dira».

Larre irekieraren festaren hasierako urteetan bai izaten zen ganadu gehiago Larraitzen. «Orain 20 urte hasi ginenean festarekin, behor motako animalia guztiek markaketa bat eramaten zuten, eta egun hori aprobetxatzen zen horretarako», esan du Irastortzak. «Beraz, ganadu asko izaten zen, eta jendea ere bertara joaten zen hori ikustera. Orain ez da modu horretara identifikatzen, eta ganadua ondorengo egunetan igotzen dute».

Egitaraua

10:00. Postuen irekiera eta trikitilariak festa gunean zehar.

11:00. Zaldi domaren lehen erakustaldia, Oskar Ferrer errioxarraren eskutik.

12:00. Aralarko larreak irekitzeko suziria. Ondoren: Ardi mozketa erakustaldia Daniel Tapia azkaindarrarekin. Segidan, zaldi domaren bigarren erakustaldia, Oskar Ferrer errioxarraren eskutik. Jarraian, Mikel Mendizabal eta Bixente Gorostidi bertsolariak, eta Jose Ignazio Barberia kantaria.

Goizean zehar. Abere erakusketa (behi, behor, ahari...) eta esku Langintza saioak, artile, saski, harri lantzen, ohiko tresnen erakusketa eta abar...

17:30. Erromeria Jesus Mujika eta Josu Puldain bikotearekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!