San Joanak 2016

Emakumeek irabazi dute aizkora desafioa

Ataria 2016ko ekainaren 26a

Maika Ariztegi eta Irune Izkue gailendu zaie Iñaki Aierberi aizkoran, Abaltzisketako plazan jokatutako norgehiagokan.

Aierbe esku bakarrarekin aritu da, eta Ariztegi eta Izkue bi eskuekin eta txandakatuz. Aierbe hasi da azkarrago eta lehenengo kanaerdikoa 21 segundo lehenago ebaki du. Bigarrengoa beste kontu bat izan da, Ariztegi eta Izkuek aurre hartu baitiote, eta pixkana tartea handitu dute.

Bigarren kanaerdiko horretan bete egin da Aierbe, eta erritmoa jaitsi egin behar izan du. Azkenean, irabazleek lau kanaerdikoak 13'46''ko denboran ebaki dituzte eta desafioaren galtzaileak 17'21''eko denboran. Ikusmina sortu du norgehiagokak, eta jende ugari zegoen bilduta herriko plazan. Ondoko tabernan ere apustuak jokatu dira, 100 eurokoak gehienak.

Gaur bukatuko dira sanjoanak Abaltzisketan. 18:00etan zaldi lasterketa izango da, Amezketatik Abaltzisketara, eta ondoren, herritarren arteko jokoak. 20:30ean herri afaria egingo dute, eta postrea festa batzordeak jarriko du. 22:00etan erromeria izango dute Elustondo anai-arrebekin. Datorren igandean San Pedroren omenezko ekitaldiak izango dituzte Larraitz auzoan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!