Imanol Artolak Benito Lertxundi izango du hizpide

Imanol Garcia Landa 2016ko martxoaren 17a

Imanol Artola amezketarrak hitzaldia emango du gaur, 20:30ean, Abaltzisketako Goibegi eraikineko auditorioan, Benito Lertxundiren kantagintzari buruz.

Euskal Nazionalismoa XXI. Mendean masterra egiterakoan gai hori aukeratu zuen Artolak lana egiteko, eta gero Mikel Laboa Katedrak emandako beka baten bidez lanean sakontzen ari da. «Benito Lertxundiren kanta guztiak hartu eta ikusi bere kantagintzan dauden aldaketak ea garai soziopolitikoekin antzekotasunik baduten, une bakoitzean garaiaren berri bere kantagintzak ematen duen edo ez aztertzea» da lan horren helburua.

150 kantatik gora aztertu ditu Artolak. Kantuek bere garaia islatzen dutela dio: «Zenbat gara abestian, adibidez, euskaldunen artean ezin garela hil esaten du eta frankismo garai betean, etsai nabarmena Franco zela eta elkar batu eta bestearen aurka joan behar genuela esaten zuen kantu horretan».

Frankismoaren ondoren Lertxundik beste bide batzuk jarraitu dituela gaineratu du Artolak. Lertxundiren kantagintzaren inguruan interesa duenak, gaur Goibegi eraikinean egingo den hitzaldian izango du horretan sakontzeko aukera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!