Sagardotegi giroa Txindokipean

Publirreportajea 2016ko ots. 10a, 15:54

Unai eta Olatz Garmendia anai-arrebek hartu berri dute Abaltzisketako Zalbide sagardotegiaren ardura, eta ilusioz beteta daude

«Gustura hartutako proiektua da. Pentsatu izan dugu sagardotegi bat eramateko gai izango ginela eta aukera hau ikusi genuenean, hartu eta aurrera egin dugu».

Ostalaritza etxetik dakarte anai-arreba ordiziarrek. «Lehenbizi amonak izan zuen taberna eta gero amak zabaldu zuen beste bat ondoan. Giro horretan hezitakoak gara eta gertutik ezagutzen dugu ostalaritza mundua». Sagardoa eta sagardotegi giroa ere gertukoa dute. «Sagardoa egiten dugu, etxerako, eta horretan aita aritzen da batez ere. Ilusio handia egin dio berari ere guk sagardotegia hartu izana».

Tailer bat dute eta hori da beraien lan jarduera nagusia, eta horregatik sagardotegia denboraldi honetan hiru egunez irekita egongo da: ostiraletan, afariak emanez; larunbatetan, bazkariak eta afariak; eta igandetan, bazkariak. «Aurten egutegi hau nola doan ikusiko dugu. Denboraldia bukatu ondoren ere irekita mantentzea aurreikusten dugu, eskaeraren arabera».

Janariari dagokionez, batetik, sagardotegiko menu klasikoa eskaintzen dute, hori bai, beste aukera bat txertatuz sarrerakoan: sardina zahar tortilla. «Joxe Martin Garmendiak, aurretik sagardotegia ematen zuenak, zerbitzatzen zuen. Jendeari gustatzen zaio eta hori ere eskaintzen dugu. Arrakasta izaten ari da aurretik probatu ez dutenen artean ere».

Hasteko, txorizoa sagardo erara egosita ematen dute. Ondoren, bakailao tortilla edota sardina zahar tortilla, gero bakailao takoak piper eta tipularekin, eta txuleta. Postrerako gazta, irasagarra eta intxaurrak, eta gero etxeko berezitasuna den gazta tarta txikia. Haurrentzako menua ere badute aukeran: makarroiak eta hanburgesa patatekin.

Aurrerago ikusiko dute beste jakiren batzuk eskaintzeko aukera duten. «Garbi dugu zerbitzu ona eman nahi dugula, etxekoa, eta hori bermatu. Gerora joango gara bestelako eskaintzak aurreikusten. Jendeak eskatzen duenaren arabera moldatzen joango gara».

UKITU BEREZIA

Sagardotegietara gero eta familia gehiago joaten direla diote, eta horretara moldatzeko jarri dute, besteak beste, haurrentzako menua. «Familian etortzeko leku egokia da Zalbide. Kanpoan badugu lekua haurrek jolasteko eta oso plan ona da familian etortzeko. Etxearen kanpoan lasai asko egon daitezke haurrak, gurasoak sagardotegiaren barruan dauden bitartean». Gainera, kanpoaldean mahaiak jarri dituzte, eta baita kupel bat ere. «Bazkaltzera etorri eta arratsalde guztia pasa dezakezu lasai asko».

Sagardoari garrantzi handia ematen diote. «Etxerako egindakoa eraman dugu sagardotegira, eta aparte erosi egin dugu, gehiena bertako sagarrarekin egindakoa». Hurrengo denboraldiari begira, Zalbideko sagastien fruituak erabiltzeko asmoa dute. Sagardozaleen oniritzia jasotzen ari da sagardoa: «Orain duguna gustura edaten ari da jendea».

Sagardotegia txukuntzen lana hartu dute Garmendia anai-arrebek: «Gure ukitua eman diogu espazioari, eta zerbitzuari ere bai». Jangelako egur guztiak tintatu, paretak margotu, upategia ere txukundu dute, eta kanpoko terraza atondu. «Kanpoan kupela jarri dugu sagardoa edan ahal izateko, eta txoko batean ere ziritik ura hartzeko aukera izango da, haurrek ere txotx egin ahal izateko». Haur parkea ere jarri dute eta terrazan futbolina. Berogailuaren makina kanpora atera dute eta jangelan oso gutxi entzuten da. «Sagardotegi giroa dugu, eta goxo egoteko modua ere bai».

Sagardoari eta janariari garrantzia emateaz gain, zerbitzuari ere ematen diote: «Guk nahi duguna da jendea gustura egotea, eta horretan ahalegintzen gara. Dagoeneko errepikatu dutenak badaude, eta hori seinale ona da. Gure sentsazioa da jendea gustura atera dela».

Lekua, giroa eta ilusioa ez zaie falta. Orain sagardozaleen txanda da, Zalbidera joan eta gozatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!